Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak akordioa egin dute pandemiarekin lotutako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak luzatzeko. Otsailaren 28ra arte izango da indarrean araudi berezia. Gizarte Segurantzako kotizazioen salbuespena trebakuntzara lotua egongo da hamar langiletik gorako enpresentzat. Alegia, langileak aldi baterako espediente batean dituen enpresak trebakuntza ikastaroak eman beharko dizkie behargin horiei, haien kotizazioak aurrezteko. Hamar langiletik gorako enpresek soilik izango dute derrigortasun hori.
Euskal Herrian 12.000 langile inguru geratzen dira oraindik pandemiak eragindako aldi baterako espediente berezietan. Iazko maiatzean, ordea, behargin andana zegoen egoera kaltebera horretan. Azken urte eta erdian lanera itzuliz joan dira gehienak, eta lortu ez dutenek gero eta aukera gutxiago izango dituzte berriro beren enplegura bueltatzeko.