Aldi baterako kontratazioari mugarik ez bi urtean

Espainiako Gobernuak ateak zabalik utzi dizkio errenta handiei presio fiskala handitzeko aukerari

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak legealdia azken unera arte baliatu nahi du, eta biharko Ministro Kontseilura enplegu alorreko zenbait neurri eramatea aurreikusi du. Halaber, fiskalitateari lotutako neurriren bat onartzeko aukerari ez dizkio ateak itxi azken orduetan, errenta handienak dituztenei zuzenduta.

Lan esparruko neurririk deigarriena kontratazioari dagokio. Aldi baterako kontratazioak dituen mugak baliorik gabe uztea aztertzen ari da Zapateroren gobernua. Gaur egun, 30 hilabeteko epe baten barruan 24 hilabete baino gehiago enpresa berean aritu diren langileei kontratu mugagabea egin behar zaiela dio Langileen Estatutuko 15.5 artikuluak. Orain, artikulu hori bi urterako kentzeko prest dago gobernua, enpresaburuek langilea finko egin ordez lanpostua ezabatzen ari direneko ustearekin.

2006 urteko lan erreformak aldi baterako kontratuak kateatzeko aukerari trabak jarri zizkion. Haatik, erreforma horrek ez zituen kontratu prekarioak gutxitu. Joan den urtean ere kaleratze merkeagoa duen kontratua eskaini zuen Lan Ministerioak, kontratu finkoak bultzatzeko aitzakiarekin, baina ez du emaitzarik lortu. Uztaila arte 538.846 kontratu sinatu dira Hego Euskal Herrian. Horietatik 500.000 baino gehiago aldi baterakoak ziren. Hots, %93,3.

Beste zenbait aldaketa ere espero dira bihar. Prestakuntza kontratuak bi urtez 30 urte arte dituzten gazteei egin ahalko zaizkie. Era berean, indarrean dauden zenbait neurri luzatuko ditu. Batetik, aldi baterako kontratuak kaleratze merkeagoa duten kontratu mugagabe bihurtzeko hobariak. Bestetik, inolako ordainik ez duten langabeei formazioaren truke ematen zaizkien 400 euroko laguntza beste sei hilabetez jarraituko du. Azkenik, langabezia osatzeko funtsaren sorrera 2013 urtea arte atzeratuko dute.

Aberatsei zerga gehiago

Bestalde, errenta handiei presio fiskala igotzeko aukera iradoki zuen atzo Elena Salgado Ekonomia ministroak. Aberatsei zerga berri bat jartzeko astirik ez dutela onartu zuen Salgadok, irrati batek egin zion elkarrizketan. Haatik, egun duten presio fiskala igotzeko aukerarik ote dagoen galdetuta, bihar egingo den Ministro Kontseilura itxaroteko eskatuzuen Salgadok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.