Zerga politika

Aldundiaren sozietate zerga atzera bota dute EAJ, PSE eta PPk Gipuzkoan

Helena Franco Ogasun diputatuak esan du "harmonizazioaren aitzakiarekin" atzera bota dutela "zerga tasa irabazien arabera jarriko lukeen zerga, eta ez enpresen neurrien arabera".

xabier martin
2013ko abenduaren 12a
16:52
Entzun

Bilduren Foru Gobernuaren proiektu izarra ez da aurrera atera Gipuzkoan, EAJk eta PSEk aurrena eta PPk gero egindako itun fiskalaren ondorioz. Jakina zen Diputazioak proposatutako sozietate zergaren proiektuak ez zuela aurrera egingo, PSE-EEk Foru gobenuari bere laguntza kendu eta EAJrekin itun fiskala egin ondoren indar oreka goitik behera aldatu baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Martin Garitanoren foru gobernuak Fortuna handien zerga onartzea lortu du legealdi honetan, azken urteetako zerga politikan norabide aldaketa argia. Baina bukatu da sozialistek emandako haizea, eta sozietate zerga, beste zerga eredu batean are gehiago sakontzeko Bilduren ekimena, bidean geratu da, nahiz eta orain hilabete batzuk zerga berri hori ere aurrera aterako zela ematen zuen, PSEren aldeko jarrera tarteko.

Oposizioak bere botoak bildu ditu foru gobernuaren proiektua zakarretara bidaltzeko. "Guztien interesak batzen dituen zerga on bat da", azaldu du Helena Franco Ogasun diputatuak. "Harmonizazioaren aitzakiarekin"  justizian sakontzen duen zerga alboratu dela esan du, "sortutako alarmismotik urrun, enpresen irabazien araberako tipoa" ezarriko zuela, "eta ez neurriaren araberakoa".

EAJko Jose Corchon batzarkideak laburtu du Batzar Nagusietan gertatutakoa. "Ez da nahikoa arrazoia duzula esatearekin, demokrazian gehiengoa behar da. Gizartean "akordioak" nahi dituela ere erantsi du. Gaur ezetz esan dion zergari baietz esateko tenorean zen PSE uda arte, eta alderdi horretako Mikel Arrizabalagak Bilduri esan dio Sozietate zerga berria egiteko lanari lotzeko, proposamen berriak egiteko itun fiskalaren emaitza izango den zergaren eztabaidan.

Aralarko batzarkide Maite Sarasuak, berriz, gogoratu du Batzar Nagusiak proiektuak eztabaidatzeko eta adosteko daudela, "eta ez hemendik kanpo har daitezen erabakiak". Itun fiskala "alderdikeriak" azaltzen du Bilduko Idoia Ormazabalentzat, "ez herri itun batek".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.