Alegazioak atzera botata itxi dute Erralde hiltegia

Proposatutako neurriak ez direla aski adierazi du Jaurlaritzak, arazo nagusia azpiegituren diseinu eskasa delako

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Atzoko lanaldia amaitzearekin batera itxi zituen ateak Durangoko Erralde hiltegiak. Herenegun egindako agerraldian, etenaldia behin-behinekoa edo behin betikoa izango den ez dakitela esan zuten hiltegiko eta EHNEko ordezkariek. Itxierak, ordea, itxura gehiago du behin betikoa izateko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak atzera bota ditu gabeziei buruzko txostenari jarritako alegazioak.

Abenduaren 7an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ikuskatze bat egin zuen enpresan, eta hainbat oker topatu zituen. Oraindik ere konpondu gabe daudela iritzita, gaurko eguna finkatu zuen hiltegia ixteko. «Egundaino ez dituzte gabezia horiek konpondu, eta ez dago horretarako plan berezirik ere», zioen komunikabideetara bidalitako oharrean. Bestelako azalpen batzuk eman ditu hiltegiko zuzendaritzak. Haren arabera, Osasun Sailak badu topatutako gabeziak konpontzeko neurrien berri, eta abenduaren 21ean beste ikuskatze bat egiteko eskaera ere egin zioten. Horrez gain, alegazioak jarri zizkioten gabeziei buruzko txostenari.

«Ez du balio momentu puntualetanhigiene, garbiketa eta manipulazio arazoak konpontzeko gai izatea», esanez arrazoitu du alegazioak atzera botatzeko erabakia Jaurlaritzak. Haren arabera, arazoaren muinean «azpiegituren diseinu eskasa» dago. Egiturazko gabezia hori ekoizteko linean dago. Europako egungo legediaren arabera, hiltegietako ekoizpen lineak zuzena izan behar du, eta Durangokoak ez du baldintza hori betetzen. S itxurakoa da, eta, ondorioz, hiltegitik irtetera doan abelburua sartzen ari denarekin kontaktuan egon daiteke. Osasun Sailaren arabera, hori «osasunaren kalterako» izan daiteke.

Aitzitik, hartu beharreko neurriak hartuta arazo hori konpon daitekeela dio Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak. «Europako Elikagai eta Albaitarien Bulegoko ordezkariek ere garbi adierazi ziguten arrazoi horrengatik ezin zela eraikina itxi, kontuan hartuta, gainera, gure ekoizpena ez dela oso altua», nabarmendu du presidenteak.

Bizkaiko hiltegi bakarra zen Erralde, eta abeltzainak kexu dira, orain kilometro asko egin beharko dituztelako ganadua hiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.