Europa

Alemania %1,5 hazi da 2014. urtean

Udako pattalaldiaren ostean, ongi bukatu du urteko azken txanpa, Destatis Estatistika Bulego Federalak esan duenez. Nahiz eta urte hasierako aurreikuspena ez den gainditu, modu argian hazi da BPGa.

xabier martin
2015eko urtarrilaren 15a
08:47
Entzun

Europako motorrak ez du zarata txarrik ateratzen. Alemaniak uda partean izan zuen moteltzeak —bigarren hiruhilekoan %0,2 uzkurtu zen— alarmak piztu zituen, baina urte amaieran norabidea zuzendu du Berlinek, eta 2014. urtean %1,5eko hazkundea lortu du, aurreikuspenetik behera, baina espero zenaren inguruan.

Destatis Estatistika Bulego Federalak esan duenez, kontsumoak eta ekoizpen industrialak bultzatuta egin du gora Alemaniaren BPGak urteko azken hiruhilekoan. Roderich Egeler Destatiseko presidenteak azaldu du azken txanpan lortu duela herrialdeak bere jarduera orekatzea. Kontsumo pribatua %1,1 hazi da 2014an, eta estatuaren gastua, %1.

Eurogunean, oro har, jarduera oso apala da, baina motor alemaniarra ez da geratu esportazioen alorrean; %3,7 hazi da. Txanponaren beste aldean, ordea, inportazioek ere gora egin dute, %3,3 hain zuzen. Inbertsioak ere antzeko portzentajean igo dira, %3,7.

Horiek horrela, kontu publikoek superabitarekin itxi dute 2014. urtea, 11.900 milioi euroko superabitarekin (BPGaren %0,4). Hala, Alemaniak Europatik tira egiteko rola indartu du; zorraren krisiak jotako ingurunea Berlinera begira dago, Alemaniaren hazkunde mailak politika ekonomikoa baldintzatzen duelako hein handi batean.

Langabeziari dagokionez, II. Mundu Gerraz geroztik ez da hain langabezia tasa txikirik egon. 42 milioi pertsona daude kontratu batekin lanean Alemanian gaur egun, herrialdea bateratu zenetik errekorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.