Alemania atzeraldian sartu da, eta OCDEk atzeraldia iragarri du 2009rako

Ekonomiaren susperraldia datorren urtearen bigarren erdian hasiko dela uste du OCDEk

jakes goikoetxea
2008ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Europako ekonomiaren motorra gripatu egin da: Alemania atzeraldian sartu da. Bertako ekonomiak atzera egin du bi hilabetean jarraian, eta, beraz, teknikoki atzeraldian sartu da: barne produktu gordinaren (BPG) %0,4 egin zuen atzera bigarren hiruhilekoan, eta %0,5 egin du hirugarrenean. Hala ere, Alemania ez da bakarrik egongo atzeraldian. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) iragarri du bertako 30 herrialdeak atzeraldian sartuko direla datorren urtean.

Alemaniako Estatistika Bulegoaren arabera, esportazioak nabarmen jaitsi dira udan, eta inportazioak, aldiz, asko igo dira garai berean. Barne eskariak ere behera egin du aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Alemaniako Estatistika Bulegoak, hala ere, zenbait datu baikor eman ditu: kontsumo publikoa eta pribatua handitzen ari da; enpresek lehengaiak eta materiala pilatu dituzte; eta hirugarren hiruhilekoan 40,5 milioi langile zeuden, urtebete lehenago baino 582.000 gehiago.

Finantza krisia ekonomia errealera iritsi da, baina finantza krisiak konpondu gabe dirau. Alemanian bertan hogei bankuk baino gehiagok eskatu dute erreskate planean aurreikusitako 500.000 milioi euroen zati bat.

Walther Otremba Ekonomia estatu idazkariak ez zuen izenik eman, baina banku horien artean daude BayernLB eta HSH Nordbank banku publikoak, Commerzbank banku pribatua eta Hypo Real State hipoteken finantziaziorako erakundea. BMWren, Daimlerren eta Volkswagenen finantzatze bankuak ere dirua eskatu edo ez aztertzen ari dira.

2009an erreskate planetara joko duten finantza erakundeen zerrenda gizendu egingo da, egoera okertu egingo baita. Hala iragarri du OCDEk, azaroaren 25ean aurkeztuko duen aurreikuspenen aurrerapenean. OCDEren kalkuluen arabera, bertako herrialdeen BPGk %1,4 egingo du atzera aurtengo azken hiruhilekoan, eta joera hori izango du 2009aren lehen erdian.

Erakundeak biltzen dituen herrialdeetan, 2009an, BPGk %0,3 egingo du atzera: %0,5 Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), %0,3 eurogunean eta %0,1 Japonian. OCDEk nabarmen okertu ditu ekainean egin zituen aurreikuspenak: %1,2 AEBetan eta %1,7 eurogunean eta Japonian.

Susperraldia bigarren erdian

Ekonomiako hainbat eragilek onartu dute egoera oso aldakorra dela eta oso zaila dela hurrengo urterako aurreikuspenak egitea. OCDEk berak ere hala onartu du. Hala ere, 2010erako aurreikuspenak ere egin ditu: %1,4ko hazkunde orokorra iragarri du, %1,6 AEBetan, %1,2 eurogunean eta %0,6 Japonian.

Jorgen Elkmesov OCDEko ekonomisten buruak aurreikuspen positibo bat egin zuen: «Aste batzuetan» amaitu beharko lukeela finantza krisiak eragindako «estresak». Hala gertatuz gero, Elkmesovek iragarri zuen OCDEko ekonomiak suspertzen hasiko direla 2009ko bigarren erdian.

Krisiak izan du ondorio positiborik: petrolioaren eta lehengaien prezioak merkatu egin dira. Ondorioz, inflazioa ere behera egiten ari da. Elkmesovek aurreikusi zuen inflazioa aurten %3,3koa izango dela OCDEko herrialdeetan, %1,7koa 2009an eta %1,5ekoa 2010ean. Horrek interes tasak jaistea eragin beharko lukeela esan zuen, %2ra arte.





############



Kaleratzeak

10.000

British Telecom (BT): Erresuma Batuko telekomunikazio enpresa nagusiak sei mila langile kaleratu ditu jada, eta beste lau mila kaleratuko ditu 2009ko martxoa bitartean. BTk 160.000 langile ditu. Enpresak 731 milioi euroko irabazi gordina izan du hirugarren hiruhilekoan, iaz baino %11 gutxiago.





############



Alemanian hogei bankuk baino gehiagok eskatu dute erreskate planeko dirua

OCDEk uste du «aste batzuetan» amaitu behar duela finantza krisiaren «estresak»





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.