Finantza egoerari buruzko gurpil zoroak jiraka segitzen du. Gutxi dira arazoetatik libratzen diren herrialdeak. Zor publikoa saltzearen truke neurriz kanpoko interesak ordaintzen ohitu dira Italia edo Espainia, luzera begira jasangarria izango ez den bide batean. Txanponaren ifrentzua Alemania da. Beti Alemania.
Sei hilabeterako bonu salmenta egin zuen atzo Alemaniak. Garai nahasi hauetan herrialde horretako zorra portu segurua da erraz izutzen den diruarentzat. Bada, sei hilabeterako bonuak interes negatiboan saldu ziren. Hain zuzen ere, enkantearen batez besteko interesa -%0,0122 izan zen. Zer esan nahi du horrek? Inbertitzaileek ez dute kobratuko zorroan Alemaniako bonuak izateagatik, kontrakoa baizik. Sei hilabete barru dirua itzultzen zaienean jarritakoa baino gutxiago eskuratuko dute.
Gehienez ere, 4.000 milioi saltzea aurreikusi zuen gobernuak. Azkenean 3.900 milioi izan ziren. Erosleek irabazirik izango ez badute ere, eskaera esanguratsua izan zuen enkanteak: 7.080 milioi erosteko eskaerak jaso ziren.
Ez da izango Alemania dirua maileguan eskatu eta kobratzen amaituko duen lehen herrialdea. Orain dela gutxi Suitzako Gobernuak egin zuen beste salmenta batean interes negatiboa gailendu zen. Herbehereetan ere gertatu da horrelako zerbait. Azken finean, diruahorietan jartzea izatea nahiago dute Inbertitzaileek, sosak bueltatuko zaizkiela ziurtatzen zaielako.
Ikuspuntu ekonomiko batetik, ordea, interes negatiboak ez du zertan seinale ona izan. Albiste ona izan liteke Alemaniarentzat, baina merkatuan dauden zalantzak eta mesfidantzak islatu baino ez ditu egiten.
Beste zerbait ere iradokitzen du, ekonomialari batzuen arabera. Alemaniak — eta baita AEBek ere — posible luketela zor gehiago jaulki eta inbertsio publikoa bultzatzea krisiari aurre egiteko, euren finantzak arriskuan jarri gabe. Eskaera horien inguruan ezentzunarena egin du Angela Merkelen gobernuak oraingoz. Gainbehera azkartzen ari bada ere, gastu publikoa 80.000 milioi eurotan murrizteko egitasmo bati lotuta jarraitzen du Europako ekonomiaren tren-makinak.
Esportazioak, gora
Krisiak krisi, itxaropenerako albisteak pilatzen ari da Alemania azken egunetan. Estatistika bulego federalak atzo jakinarazi zuenez, esportazioak %2,5 handitu ziren azaroan, 94.900 milioi euroraino. Hazkundea %0,7 izatea zen adituen aurreikuspena, eta Alemaniako ekonomia urteko azken txanpan espero baino indartsuago aritu dela iradokitzen du datu errealak. Inportazioak murriztu izana 15.100 milioi eurora ireki zuen Alemaniak izandako superabit komertziala.
Enpleguari buruzko datuek ere pozteko aukera eman zioten Merkelen gobernuari orain dela egun batzuk. Enplegu Agentzia Federalaren arabera, abenduan langabezia tasa %6,8 izan zen, azken hogei urteotan izan den kopururik txikiena.
Europako Batasuna. Goi-bilera prestatzen
Alemania: dirua maileguan eskatu, eta dirua irabazi
Interes negatiboa izan du Alemaniaren zor salmenta batek lehen aldiz; erosleek ordaindu beharko diote estatuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu