Europako Batzordeak baimena eman dio Mondragon Korporazioko Orona enpresari Alemanian M33v3 igogailuak jarri ahal izateko. Alemaniako arautzaileak alto eman zion Hernaniko kooperatibari igogailu horri dagokionez, eta Alemaniako arautegira egokitzeko eskatu zion. Bada, bost urte eta erdi geroago, Bruselak ebatzi du eskaera horiek ez zutela oinarririk, eta giza akatsak saihesteko Oronaren puntako teknologia bere horretan instalatu daitekeela Alemanian eta Batasuneko beste herrialdeetan.
Oronak esan du Batasuneko kide batek abusuzko neurria ezarri diola bere produktu bati. Bruselak ebatzi du Oronaren teknologia Batasunak eskatzen duen estandarra baino «modernoagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa» dela. Orona Europa osoan zabaltzen ari da, eta hamabi herrialdetan « erreferente» dela esan du. Bruselako metroan 40 igogailu jartzeko enkargua jaso berri du, eta, hiri horretan, 150 instalatu ditu 2010. urtean lehena jarri zuenetik. Bruselaren erabakia «mugarri» gisa hartu du Oronak.
Orona taldean 5.400 langilek dihardute mundu zabalean. 2019. urtean, 801 milioi euroren salmentak egin zituen konpainiak, besteak beste, dagoeneko instalaturik dauzkan milaka igogailuen mantentze lanei esker. Europan, 250.000 igogailu instalatu ditu, eta bere produktuak saltzen ditu munduko ehun bat herrialdetan.