DIBISAK

Alemaniako atzeraldia berretsita, euroak beherantz jarraitzen du

1,10 dolarretik jaitsi zen atzo euroaren balioa, AEBetako ekonomiaren suspertze zantzuengatik

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
AEBetako eta Japoniako ekonomia Europakoa baino azkarrago piztuko dela dioten apustuak gehiago dira dibisa merkatuetan. Atzo, Frankfurten goizeko 1,1067 dolarretik 1,0958ra jaitsi zen euroaren trukea, eta Europako Banku Zentralak 1,1009 dolarretan ezarri zuen euroaren erreferentziako truke tasa.

Hala, azken lau hilabeetako balio txikiena du euroak AEBetako billete berdean aldean. Japoniako yenaren aldean, berriz, euroa 129,48 yenera jaitsi zen atzo, apirilaren 15etik honako truke txikienera. Ekainetik, euroak balioaren %7 galdu du dolarraren aldean, iazko urte amaieratik billete berdearen aldean %33 irabazi ostean.

AEBetako hazkunde ekonomikoa bizkortzen ari dela agertzen duten datuek, eta, aldi berean, Europan ekonomia geldituta dagoela erakusten duten datuek eragin dute dolarraren igoera. Bai hazkunde ekonomikoan, bai lan merkatuan, baita inflazioan ere, AEBetako datuak hobeak dira.

Igaro astean AEBetako Erreserba Federalak esan zuen laneko produktibitatearen bilakaera ona hazkundearen mesedegarri zela, nahiz eta adi egon beharko den lan merkatuaren joerei eta deflazio arriskuei. Hain zuzen, atzo jakin zen langabezia laguntzen eskaerek behera egin zutela igaro astean AEBetan. Era berean, Kontsumo Prezioen Indizeak %0,2 egin zuen gora uztailean, urte arteko inflazioa %2,1 kokatuz eta, beraz, deflazio arriskuei buruzko kezkak aldenduz.

Aldiz, Europako ekonomia nagusiak atzeraldian daude, edo erortzear. Alemaniak urteko bigarren hiruhilekoa ere, aurrena bezala, hazkunde negatiboarekin itxi zuela berretsi zuen atzo bertako estatistika erakundeak. Urtarriletik martxora %0,2 jaitsi ostean, apiriletik ekainera %0,1 jaitsi zen Alemaniako Barne Produktu Gordina, eta herrialdea teknikoki atzeraldianhazkunde negatiboko bi hiruhileko jarraian kokatu.

Paradoxikoki, euroa izan da, kontsumoaren ahuleziarekin batera, datu txarraren eragilea, urteko lehen erdian Europako dibisak izan duen indarrak Alemaniako esportazioei zuzenean kalte egin baitie.

Europako Batasuneko motor ekonomikoa, Alemania, ordea, ez da pattal dabilen bakarra. Herenegun Frantziak bere BPGk bigarren hiruhilekoan %0,3 egin zuela behera jakinarazi zuen, eta Europako Batasuneko hirugarren ekonomia nagusia den Italia ere atzeraldian da. Holanda da atzeraldi teknikoan dagoen Batasuneko hirugarren herrialdea. Batasunetik kanpora, Suitzak ere bigarren hiruhilekoa egin du jarraian hazkunde negatiboarekin; hots, atzeraldian da. Euroaren eremuak %0,1eko hazkunde ekonomiko eskas bat izan zuen urtarriletik martxora.

Datu horiekin, eurogune guztia atzeraldian erortzearen arriskua eta AEBetako zein Japoniako zantzu hobeak dituzte dibisa merkatuetan. Hala ere, zenbait adituren ustez, aldeak ez dira horrenbesterako, eta oraindik ikusteko dago AEBetako aurreikuspenak beteko direnetz. Partida amaitu bitartean, apustuetan billete berdeak irabazle, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.