Alemaniako Epaitegi Konstituzionalak atzera bota ditu Greziari emandako laguntzen aurka unibertsitateko bost irakaslek eta Peter Gauwiler diputatu kontserbadoreak aurkeztu zituzten salaketak. Modu horretan babestu egin ditu Alemanian euroa laguntzeko hartu ziren neurriak eta Greziari emandako laguntzak. Hala ere, epaia ez litzatekeela erreskateetan dena libre dela ulertu behar azaldu du Konstituzionalak.
Erabakiak lasaitasun apur bat jarriko du Europako merkatuetan. Izan ere, astelehenetik hazkunderik gabeko beste aro bat etorriko delako susmoen eraginez burtsak behera egin baitute, eta giro ezkorra nagusitu da. Greziari bezala, Europako beste herrialdeekin batera, Portugalen eta Irlandaren erreskate planetan ere parte hartu du Alemaniak.
Alemaniako Gobernuak, ordea, edozein laguntza eman aurretik aurrekontuetaz arduratzen den Parlamentuko batzordearen onespena behar duela ebatzi du Konstituzionalak. Modu horretan, etorkizunean izan daitezkeen erreskate planetan Parlamentuak izango duen kontrol funtzioa indartu du. Erabaki horrek Euroguneak adostu zituen laguntzak gauzatzea atzeratu dezake.
Salaketa jarri zutenek argudiatzen zuten Gobernuak erreskate planetan hartu dituen erabakiek Parlamentuak herrialdearen aurrekontuetan izan behar duen kontrol funtzioa urratzen zuela.