Alemaniako langabezia tasa azaroan ere jaitsi egin da —%0,1—, eta orain %6,4koa da, duela urtebe baino %0,6 txikiagoa, bertako Enpleguaren Agentzia Federalak gaur jakinarazi duenez.
Hil honetan, urriarekin alderatuta, 24.000 lagun gutxiago daude beharrik gabe. Iaz garai hauetan baino 214.000 pertsona gutxiago. Denera 2.713.000 lagun daude langabezian.
Heinrich Alt agentziako bozeramaileak esan du Alemaniako ekonomiaren garapena ona dela, eta azaroan ez dela gelditu, aurreikuspen batzuek kontrakoa bazioten ere. Alten arabera, aktibitatea goraka doa, gizarte segurantzarako ekarpenak ere bai, eta lan eskaerak ere gora egin du.
Langile espezializatuen gabezia dagoela ohartarazi du.