Gianis Varufakis Finantza ministro greziarraren aurkari gogorrena izan denak harekin lotutako akordioa defendatu du Alemaniako Parlamentuan. "Ez da erabaki erraza izan", aitortu du Wolfgan Shauble Alemaniako Finantza ministroak, bere alderdian luzapena errezeloz ikusi dutenak konbentzitu nahian. Nabarmendu du hitzartutakoa ez dela Greziari beste laguntza bat ematea, ekainera arteko luzapen bat baizik, egungo erreskatea "arrakastaz" amaitu ahal izateko. Eta gaineratu du Alexis Tsiprasen gobernuak erreskatearen "baldintzak betetzea" eta errespetatzea onartu duela.
Joan den barikuan Eurotaldeak eta Atenasek lortutako luzapenerako ituna berretsi behar zuen Berlingo legebiltzarrak gaur, eta hala egin du gehiengo zabalarekin. Angela Merkelen alderdi CDU-CSU koalizio kontserbadorean ahots kritikoak egon arren, luzapenak 542 diputaturen babesa jaso du —SPDko sozialdemokraten eta oposizioko Berdeen eta Ezkerrarena barne—, 32 boto jaso ditu kontra, eta hamahiru abstentzio.
Varufakisen kontu gorriak
Luzapenak, baina, ez du desagerrarazi Greziako Gobernuaren kontu gorrien infernua. Varufakisek azaldu du ez duela dirurik martxoan NDFri egin behar dizkion ordainketak pagatzeko —1.600 milioi euro—, eta atzo hasi zituela negoziazioak Europako kideekin likidezia arazoak konpontzeko. "Diru kopuru txikia da", Finantza ministroaren esanetan, eta konponbidea topatuko duela uste du.
Gobernuak onartuko duen lehen lege proiektuari dagokionez, Varufakisek iragarri du giza krisia arintzeko legea izango dela: txartel bat sortuko du pobrezia mailatik behera bizi diren familientzat, eta gobernuak astero diru kopuru bat sartuko die elikagaiak erosi ahal izateko.