Greziaren erreskatea

Alemaniako Parlamentuak onartu du Greziaren hirugarren erreskatea

Aldeko 454 boto, kontrako 113 eta 18 abstentzio jaso ditu 86.000 milioi euroko erreskateak.

Angela Merkel, Alemaniako Parlamentuan. WOLFGANG KUMM / EFE
Jon Fernandez.
2015eko abuztuaren 19a
07:48
Entzun

Batez ere bere alderdiko eszeptikoenei eskatu die baiezko botoa Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak: “Dena ondo joango denaren bermerik ez dago, baina arduragabea izango litzateke Greziari hasiera berri bat ez onartzea”. Hala ere, Angela Merkelen alderdi kontserbadoreko 63 diputatuk Greziarentzako hirugarren erreskatearen kontra bozkatu dute; kontrako botua uztailean hirugarren erreskatea negoziatzen hasteko egindako bozketan baino apalagoa izan da, orduan kontrako 119 botu jaso baitzituen. Dena dela, kantzilerraren kolizio gobernuak ganberaren %80 kontrolatzen du (kontserbadoreak gehi sozialdemokratak), eta oposizioko alderdi batzuk ere babestu dute erreskatea. 

Schauebleren esanetan erreskate hau da aukera bakarra Greziako ekonomia hazten hasteko, baina era berean euroan jarraitzeko murrizketak eta erreformak egitea “ukaezina” dela gogorarazi dio Atenasi Bundestageko pulpitutik. 86.000 milioi euro arteko erreskatearekin Grezia susperraldi ekonomikora bueltatu daitekeela uste du finantza ministroak, zorra txikitzen has daitekeela —323.000 milioi euroko zor publikoa dauka azken erreskateko mailegua kontutan hartu barik, BPGaren %185—, eta enplegua sortzen.

Eurotaldean Syrizaren gobernuaren kontra gogorren egin duena izan da Shchaueble, eta parlamentuan aitortu du ez dela erraza baiezko botoa ematea Greziaren erreskateari, “bereziki azken hilabeteetako esperientziaren ostean”. Baina nabarmendu du “diru batasunaren eraikuntza eta egitura” dagoela jokoan. Alemaniak, hain zuzen, 21.700 milioi euro jarriko ditu hirugarren erreskaterako, Frantziak 16.300 milioi, Italiak 14.300 milioi eta Espainiak 9.560 milioi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.