LABek ziurtatu duenez, Alestis enpresa aeronautikoak 62 langile kaleratu nahi ditu Arabako bi lantegietan, lautik bat alegia. Kaleratzeak ez dituela onartuko esan du sindikatu abertzaleak, haren iritziz, Miñaoko lantegia eta Jundizkoa (Gasteiz) taldeko fabrika errentagarrienak direlako eta, hortaz, «ez dagoelako inor sobran».
Joan den astelehenean bildu zen Arestiseko buruzagitza sindikatuekin, Sevillan (Espainia). Han iragarri zien 1.800 langileetatik 231 kendu nahi zituela 2013an eta 2014an, eta beste 205 langile fabrikaz aldatuko zituela. Taldearen egoitza eta fabrika gehienak —zazpi— Andaluzian dauden arren, akziodun nagusia Alcor da (%42), Arabako enpresa taldea. Besteakziodunak honakoak dira: Andaluziako Junta (ia %20), Caixabank (Cajasolen bidez, %15), Unicaja (%14), Europako Finantza Bankua (%6,8) eta Airbus (%1,85). Europako konpainia aeronautiko handia da enpresaren bezero nagusia, A350 hegazkin berriaren osagai hornitzailea baita.
Duela hilabete batzuk, Alestisen kudeaketan akats handiak egin zirela iritzita, Airbusek Gaizka Grajales Alcorreko presidentea baztertu zuen Alestisko buruzagitzatik, eta bere gizon bat jarri zuen, Jesus Garcia Arguelles. Enpresa hartzekodunen lehiaketan dago orain, banku talde bati 40 milioiren mailegua itzultzeko modurik izan ez zuelako.
Interes politikoen eragina
LAB ere oso kritiko azaldu da Alestisen buruekin: «Kudeaketa kaskarra izan da, eta akziodun nagusien arteko ika mikak eta desadostasunak nagusitu dira. Planifikazio txarra egin dute eta ez da egon behar besteko finantzaketa oraingo proiektuei zein aurreikusitakoei eusteko». Andaluziako Gobernua bereziki salatu du sindikatuak, beste akziodunak beren interes politikoen arabera baldintzatu dituelako. Junta izan zen, esaterako, Delphik Cadizen botatako 200 langile hartzera behartu zuena.
Langileak kaleratzeko erabakia ere politikoa izan daitekeela uste du LABek, eta beldur da arrazoi horiengatik ere epe motzean lantegiak ixteko arriskua dagoela. Arrazoirik ez du ikusten Miñaon edo Jundizen inor botatzeko. «Orain hamabost egun taldeko errentagarri bakarrak zirela esan zuten buruek».
Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari eskatu diote esku hartzeko, aeronautika sektore estrategikoa delako.
Alestisek 62 langile kaleratu nahi ditu Araban
LABek dio Jundizko eta Miñaoko fabrikak direla taldeko errentagarrienak eta ez dagoela inor sobran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu