Alfer...to

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Alferrarena egiten zebilen Ibex-35 (+%2,13) eta, azken ordu eta erdian, 216 puntuko kolpe latza eman zuen; to! Alberto Contadorrek Tourrean adinakoa. 10.400 punturen langari begira jarri da jada, eta inbertsiogileek, itxuraz, saihestezintzat jo dute burtsara jotzea. Krisiaren egoera larriena pasatu dela, Contadorren garaipena bezain ziurra omen. 2.354 milioiren salerosketa izan zen, eta igoerak ez ziren nolanahikoak izan: %5na pasa OHL eta Telecincoren kasuan; %4na pasakoak ArcelorMittal eta Mapfreren kasuan. Eta %2na pasakoak bi erraldoien eta BBVAren kasuan. Mozkinetan, LaCaixak %6 gutxiago eta Mapfrek (+%4,68) iaz beste irabazi dute aurtengo lehen seihilekoan: 975 eta 530 milioi, hurrenez hurren. Dow Jones urtarriletik lehen aldiz 9.000 puntuz gora mugitu izanak ere, noski, izango zuen eraginik atzoko etapan. Alferrik da egia, harrigarria izanagatik, ukatzea: akzioa hamar euroan du BBVAk, 16,95an Edurnezurik eta 9,4an Santanderrek.



Mozkinak. AEBetan Ford, 3M eta AT&Tren mozkinek jaso zuten txalorik gehien. Mapfrerenak nabarmendu ziren gurean. Iazko mozkina %23 murriztu zaion Sabadellek (+%1,23) 332 milioi irabazi ditu. Bestalde, 101 milioian erosi du Floridako Mellon United.



Bankinterrek (-%0,24) 139 milioi irabazi ditu aurtengo lehen seihilekoan, iaz epe berean baino %5 gehiago. Egungo egoera nahasian berankortasuna %2koa du, iazko tasa hirukoiztu arren. Abenduan 5,4 euroan zen akzioa; 8,4 euroan da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.