ekonomia

Alfus FCC Ambitoko langileek Cementos Lemonakoen babesa jaso dute

Apirilaren 29tik greba mugagabean daude langileak, hemezortzi lagun kaleratzeko asmoari aurre egiteko; Amorrortu Cementos Lemonakoak, 140 egun lanik egin gabe egon ondoren, enpresarekin akordioa lortu, eta itzuli dira lanera.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko maiatzaren 8a
12:52
Entzun

"Indarra langileen esku dago, eta, horregatik, Alfus FCC Ambitoko langileei elkartasun osoa adierazten diegu", Javier Amorrortu Cementos Lemonako langile batzordeko kideak esan duenez. 140 egun baino gehiago egin dituzte horiek lanik egin gabe, eta enpresarekin akordioa lortu eta gero, lanera itzuli dira. Arratiako bailaran lan gatazka gehiago daude, ordea, Bediako (Bizkaia) Alfus FCC Ambito enpresa greba mugagabean baitago joan den apirilaren 29tik. Industria garbiketako lanak egiten ditu enpresak, eta 64 langiletik hemezortzi kaleratu nahi ditu zuzendaritzak. "Jakin behar dute lankideak kaleratu eta lan baldintzak larriki hondatzearen asmoaren aurrean aurrez aurre izango gaituela, eta elkartuta".

Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa 2011 amaieran hasi zuten langileek enpresarekin, eta momentu horretan berregituraketaren beharra eraman zuen mahai gainera zuzendaritzak. "Langileen batasunari esker, akordioa lortu genuen". Horren arabera, hitzarmen kolektiboaren negoziazioari aurre egiteko jarrera erakutsi zuen enpresak. Baina urte horretako uztailetik enpresa batzordearekin elkartzeari uko egin zion zuzendaritzak. Apirilean izan zuten lehen bilera, eta hemezortzi langile kaleratzea proposatu zuen. Horrez gain, lanaldia luzatzea, soldata jaistea, malgutasuna handitzea eta ordutegiak aldatzea jarri zuen mahai gainean. "Hau da, Madrildik langileon aurka prestatzen ari diren neurrien pakete osoa".

Egoera hori ikusirik, enpresa batzordeak hitz egitera deitu du zuzendaritza, "baina eskaerari muzin egin dio". Bide horretan, Cementos Lemonaren "duintasuna" presente daukatela esan dute, eta erakutsi duten borrokarako jarrerari eutsiko diotela. "Enpleguaren defentsa egiten dugu, baldintza onetan gainera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.