ELA sindikatuak gaur goizean hasi du XIII. Kongresua, Bilbon, Lankidetu lelopean. Jendea antolatzeko deia egin nahi dute, "erresistentzia sindikal eta soziala gauzatzeko", Adolfo Muñoz idazkari nagusiak adierazi duenez. Mobilizazioaren bidea eta aliantzak lortzeko beharra azpimarratu du. "Sindikatu honek borroka egin du, eta hala jarraituko du bere jendearen, klasearen eta herriaren interesen alde".
Duela lau urte egindako kongresuan krisiari buruz egindako diagnostikoan ELAk asmatu egin zuela esan du Muñozek: "Globalizazio neoliberalaz baliatuta eta gobernuen konplizitatearekin kapitalak bere mesedetan erabili nahi du berak eta beste ez beste inork eragindako krisia".
Federazio, eskualde eta Nazio Batzordeko 734 delegatuen parte hartzearekin ari dira egiten kongresua, Euskalduna jauregian. Gaur goizean kargua uzten duen batzorde eragileak txostena aurkeztu du, eta arratsaldean bozkatuko dute. Bihar, berriz, Muñoz beste lau urterako idazkari nagusi izendatuko dute, eta harekin batera batzorde eragile berria.
Krisiaren inguruan sindikatuak emandako erantzuna azpimarratu du Muñozek goizeko ekitaldian. "Inpunitatearen aurkako eta joera antidemokratikoen aurkako jarrera erakutsi dugu lau urte hauetan". Horrekin batera, politika ekonomiaren mendera dagoela azpimarratu du idazkari nagusiak: "Kapitalak nahi duena lortzen du gobernuen eskutik". Era berean, soldataren eta lan baldintzen "erasoari" aurre egin diola ere azpimarratu du: "Patronalak bi bide erabiltzen ditu abantaila hartzeko: mehatxua eta legea". Politika horiei aurre egiteko egin dituzten mobilizazio eta lau greba orokorrak nabarmendu ditu Muñozek.
Krisiaren hastapenean egoerari aurre egiteko LABekin aliantza lortu zuen ELAk, eta bi urteko ibilbidea "oparoa" izan dela esan du idazkari nagusiak. Baina 2011n Bildu erakundeetara iritsi izanak akordio hori zaildu zuen, azkenerako haustera iritsiz, haren arabera. Edozein modutan, aliantza bidea LABekin gauzatu behar duela esan du Muñozek.