Bilboko Alondegian dirutza gastatu da. Gehiegikeria ez bada, asko hurbiltzen zaio. Horrelakoekin kontu handiz ibili ezean, Espainiako Altxorrari bezala gerta dakiguke eta urtebeterako zorra Euriborraren dezente gainetik ordaindu beharrean suertatu. Bankuek egoera horri etekina aterako diotelakoan edo, lanik luze eta neketsuenak bezala, konfiantza krisiak ere amaitzen direlako, aupada latza izan zuen atzo Ibex-35 (+%3,68) indizeak. Banku handiei esker, izan ere: Santanderrek (+%6,13) eta BBVAk (+%4,71) erakutsitako bidetik, Bankinter (+%4,02) nahiz Edurnezuri (+%3,54) ere abiatu ziren. 2.656 milioiren salerosketarekin, Greziari eman lehen sosak ospatu zituzten. AEBetako zorra erostea ere, Alondegiaren lanetan sosak xahutzea lez da: une batetik aurrera zentzua gal dezake. Eta zelanbait, hori ere ikusi dute txerritxo ehiztariek. Europari egurra eman bai, baina neurrian. Finean, Ibex-35 9.700 puntuen langaz azpitik.
Damm garagardogilea da Ebro Pulevaren (+%1,2) bigarren akziodun, 1,3 milioi xahutu eta bere partaidetza %8,7ra handitu ostean. Hernandez familiak %15,7ko partaidetza du eta Espainiako SEPI erakunde publikoak %8,6. Aurrezki kutxak ihesean doaz.
Provenzako Curbansen 100 milioiren inbertsioa egingo dute Txinako Yingli eta Espainiako ACSk (+%1,33). Frantziako eguzki energiako orturik handiena izango dena GDF Suezek (+%2,62) eraikiko du, 33 MW ekoizteko. Iberdrola (+%3,5) edo Renovablesen (+%3,81) lehiakide ote?
Alo, Alondegia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu