Altsasuko 90 langile beste lantegi batzuetan jarri nahi ditu Gamesak

Agoitz, Imarkoain, Tutera eta Miranda de Ebroko lantegietan berehala lanean hastea eskaini die enpresak

Erredakzioa
Iruñea
2010eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Altsasuko enpresa itxi eta kaleraan geratuko diren 150 langileei beste lantegi batzuetara joateko aukera eskaini die Gamesak. 90 langile berehala hasiko lirateke lanean, «duten soslai profesionalagatik eta egiten duten lanagatik». Hau da, ez lukete inolako prestakuntzarik jaso beharko lanpostu berrian hasteko. Gainera, enpresaren arabera, taldeak Altsasutik gertuen dituen lantegietan hasiko lirateke lanean.

Sindikatuetako ordezkariek zehaztu dutenez, enpresak Agoizko, Imarkoaingo, Tuterako eta Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) lantegietara eraman nahi ditu Altsasuko langileak. Beste lantegi batzuetara joan nahi ez dutenei, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko kalte-ordaina eskaini die, gehienez 12 hilabetez.

ELA eta LAB sindikatuek enplegua erregulatzeko dosierra atzera bota eta lanpostuei eusteko eskatu diote enpresako zuzendaritzari. Izan ere, uste dute posible dela lantegia berregituratu, aurretik egin izan duten moduan, eta haize errotetarako beste pala mota batzuk egitea. «Edo enpresak Nafarroako Gobernua engainatu du edo gu engainatu gaitu norbaitek. Ez dut uste Agoizko lantegia ireki eta Altsasuko ixtea hitzartu zenik». Hala adierazi du Ubaldo Sola ELAko ordezkari eta enpresa batzordeko presidenteak. «Uste dugu badaudela aukerak enpresa berregituratzeko. Hau ez da estu dabilen enpresa bat. Etekin handiak ditu, eta laguntzak jasotzen jarrituko luke lantegia handitzeagatik».

Gamesako zuzendaritzak, baina, itxiera atzera bueltarik gabekoa dela ziurtatu die langileei. Erabakia asko pentsatu ostean hartu duela eta egitura arrazoiengatik izan dela. Langileen ordezkarien irudiko, arazoak egoerari lotutakoak dira, Altsasun ekoizten duten pala ereduaren eskari jaitsierak eraginak. Horregatik, behin betiko dosier bat ezarri beharrean, egokiagoa deritzote aldi baterako erregulazioa ezartzeari.

Enpresak jakinarazi die ere itxiera dosierra Madrilen negoziatuko dela. Langileak, ordea, ez daude ados; itxiko duten lantegi bakarra Altsasukoa izanik, aparte negoziatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.