LAN GATAZKAK

Altzairugintzako langileen prekaritatearen aurka, industria politika propioa aldarrikatu du LABek

Lau lan lerro eramango ditu aurrera sindikatuak, kaleratze mehatxuekin amaitu, enplegu politika egokia aurrera eraman, prebentzio eskubidea bermatu eta burujabetza energetikoa lortzeko. 

Langileen protesta Basaurin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2015eko abenduaren 14a
16:39
Entzun

Altzairugintzako langileen egora “penagarria” salatu du LABek gaur goizean Basauriko (Bizkaia) Gerdau-Sidenor enpresan egindako agerraldian. “Altzairu fabrika salmenta dago, langileek ez dute oraindik inolako informaziorik jaso, eta bitartean hogeita hiru behargin kaleratu dituzte”, kexatu da Asier Imaz LABeko Inustria Federazioko burua. Euskal Herriko altzairugintzak bizi duen egoera aztertu du, eta larritzat jo du datu ekonomikoak positiboak izanda ere langileen baldintzek okerrera egitea. Adibidez, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak kaleratu egin zituzten bi enpresak itxi ostean. Era berean, Laminaciones Arregi, Arcelor, Tubos Reunidos eta Condesa taldeko plantetako beharginek jasaten dituzten kaleratze mehatxuak eta xantaiak salatu ditu. “Hori da altzairugintzak Euskal Herrian duen tamaina. Ekoizpena gaitasun handia dago, langileen gaitasuna ere handia da, baina ez dago politika egoki bat”. Datu bat jarri du mahai gainean: iazko ekoizpena 4,2 milioi tonakoa izan zen, 2013koa baino handiagoa.

Imazek azaldu duenez, LABek lau lan lerro izango ditu ardatz aurrerantzean. Alde batetik, beharrezkotzat jo du kaleratze mehatxuekin amaitzea. Horretarako, lan harremanak adostuak izan behar direla nabarmendu du, “eta ez inposatuak”. Bigarrenik, altzairugintzari babes publikoa eta bultzada publikoa ematearen alde agertu da. “Berrikuntza eta inbertsioa bultzatu behar dira enpresetan. Baina ezin dute ahaztu sektoreko langileetan inbertsioa egitea, Euskal Herriak mundu mailan lehiatuko badu, langileen gaitasunean oinarritu beharko du”. Hirugarrenik, langileen prebentzio eskubidea exijitu die enpresei. Gogoratu du, azken hiru urteetan altzairugintzako enpresetan 11 langile hil direla. Laugarrenik, energiaren arloan sindikatuak burujabetzaren alde egingo duela esan du. 

Prekarietateari aurre egiteko Euskal Herri osorako industria politika propioa aldarrikatu du sindikatuak. Imazek politika bera eskatu du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroarako: “Manu Aierdi eta Arantza Tapia bilduta egon dira. Sindikatutik eskatu nahi dieguna da mahai bat osatzeko lau ardatz hauetaz hitz egin ahal izateko. Zergatik ez dute bultzatzen Hego Euskal Herri osorako politika industrial berdina? Aukera politikoa badago hori gauzatzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.