Altzariak berritzeko onartu duen laguntza planaren xehetasunak jakinarazi zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuordetzak. Egitasmoa atzo sartu zen indarrean, eta abenduaren 31 arte aukera egongo da kenkariak baliatzeko. Bi milioiko aurrekontua du gobernuak ekimena finantzatzeko.
Erosketa bakoitzari %25eko beherapena ezarriko zaio, gutxienez 300 euroko gastua egin bada. Etxebizitza bakoitzak, asko jota, mila euroko laguntzak jasotzeko eskubidea du. Altzariak (sukaldekoak barne), koltxoiak eta argiztapena sartzen dira programaren barruan. Ez, ordea, etxetresnak edo ehungintza (errezelak edo alfronbrak).
Planaren helburua altzarien sektoreko enpresa txiki eta ertainei laguntzea da. Urteko lehen hiruhilekoan euren salmentak ia heren bat murriztu ziren, batez ere etxebizitza sektorea gelditu delako. Jaurlaritzaren aginduak propio ixten die bidea sektoreko multinazionalei.
Programarekin bat egin nahi duten saltokiek SPRIrekin hitzartu beharko dute, bihartik aurrera. Oraindik ez dago zerrendarik, baina «ia guztiak» izango direla uste du Jaurlaritzak. Erosketa egiten duen unean egingo zaio beherapena bezeroari, eta ondoren SPRIk dendariari itzuliko dio. Tramite guztiak arindu eta kontrolatzeko sistema informatiko bat martxan jarriko da.
Altzariak berritzeko dirulaguntza publikoak emango diren lehenbiziko aldia izango da, eta merkataritzarekin harremana duten beste batzuei gehituko zaizkie. Etxetresnak, leihoak edo galdarak berritzeko planak martxan daude, Euskal Energia Erakundearen bidez. Auto berria erosten duten pertsonek ere 2.500 eurokolaguntza dute, udaz geroztik.
Kontratuak gabonetarako
Patxi Lopez lehendakariak joan den astean krisiari aurre egiteko aurkeztu zuen + Euskadi 09 planaren barruan jaso dira altzariak berritzeko laguntzak. Horrekin batera, merkataritzan eta ostalaritzan langileak kontratatzeko ekimena martxan jarriko du gobernuak.
Batez ere, gabonetako kanpainari begira sustatu nahi du kontratazioa Industria Sailak. Abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra egiten den kontratu bakoitzeko, 1.200 euro emango dituzte. Kontratuak, gutxienez, 45 eguneko iraupena izan behar du. Neurria bederatzi langile baino gutxiago dituzten enpresentzat da.
Programa horren bidez 2.000 lagun lanean jarri ahal izatea espero du gobernuak.
Altzariak berritzeko mila euro, EAEko etxebizitza bakoitzeko
Saltoki «ia guztiek» bat egitea espero du Jaurlaritzak; kenkaria abenduaren 31 arte indarrean egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu