Amaiur, Ezker Anitza, ERC, BNG eta Compromis taldeek Kongresua utzi dute, protesta modura

Kongresuak Espainiako Gobernuaren azken neurri sorta onartu du, PPren botoekin. Bozketa baino lehen utzi dute aretoa talde haiek. Raxoiri beti gutxien dutenen aurka aritzea egotzi dio Amaiurrek, eta Euskal Herriarentzat burujabetza aldarrikatu du.

2012ko uztailaren 19a
18:39
Entzun

Espainiako Kongresuak gobernuaren azkeneko murrizketa neurri sorta onartu du gaur, PPren aldeko botoekin —gehiengo osoa du—, eta bozketaren unean, Amaiurren ekimenez, hark eta Ezker Anitza (IU-ICV-CHA), ERC, BNG eta Compromis taldeek aretoa utzi egin dute, protesta modura. 

Ondoren elkarrekin prentsaurreko bat eman dute Kongresuan, eta haien izenean Cayo Lara IUko bozeramaileak esan du murrizketen "konplize" izan nahi ez dutelako egin dutela ospa aretotik. "Eskubide sozial eta laboralen, demokraziaren eta subiranotasunaren aurkako murrizketak dira".

UPN abstenitu egin da bozketan. EAJk eta NaBaik aurkako botoa eman dute; besteak beste, PSOEk ere bai.

Goizeko bederatzietan hasi da Ministroen Kontseiluak ostiralean onartutako bi lege-dekretuak onartzeko osoko bilkura Kongresuan. Aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko lege-dekretua da lehena. Bigarren lege-dekretua aldiz, administrazio publikoen likidezia neurrien ingurukoa da. 

Murrizketa horiekin gobernuak 65.000 milioi euro aurreztu nahi ditu 2014. urtera arte, lehengo asteazkenean Raxoik azaldu duenez. 22.100 milioi BEZ orokorra % 21etik % 18ra eta murriztua 8tik 10era igotzeagatik lortuko dira.

Raxoiri beti gutxien dutenen aurka aritzea egotzi dio Amaiurrek

Espainiako Gobernua gogor salatu du Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak gaur, Kongresuan, murrizketei buruzko eztabaidan, "beti behekoen aurka" ari dela egotzita —"langileen, lanik gabeko gazteen, erretiratuen... aurka ari delako"—, eta Euskal Herriarentzat burujabetza aldarrikatu du. "Batetik, irizpide demokratikoengatik behar du Euskal Herriak burujabetza. Bestetik, Espainiak hondamendira garamatzalako".

BEZ igoera, funtzionarieoi aparteko soldata bat kentzea, langabeziako lan saria murriztea eta abar gaitzetsi ditu Amaiurreko diputatuak, eta azpimarratu du gutxien dutenek pairatzen dituztela neurri horiek. "Goikoen aurkako neurririk ez du hartzen gobernuak: euren neurrira egindako PFEZa dute haiek, elkarteen gaineko zerga lotsagarria, delitua den amnistia fiskala...".

Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari "gezurretan" aritzea egotzi dio, eta esan dio gaur egun Europan inor ez dela fio Espainiaz. Raxoi Europan Groucho Marx bezala hartzen dute, Cuadraren arabera. "Groucho Marxek esaten zuen: 'Hauek dira nire irizpideak. Ez bazaizkizue gustatzen, beste batzuk dauzkat'".

Espainiari Alemaniaren eta FMI Nazioarteko Diru Funtsaren "menpekoa" izatea leporatu dio, halaber. "Gu espainiarrak bagina, lotsa sentituko genuke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.