Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Herriarentzat "subiranotasun osoa" eskatuko du Amaiur koalizioak Espainiako Kongresuan. "Pasatzen den egun bakoitzeko nabarmenagoa da Estatuarekin loturak mozteko beharra". Amaiurrek elkartasunean, duintasunean eta justizia sozialean oinarritzen den euskal pentsio sistema publikoa eskatu du.
Izan ere, Espainian pentsio sistema aztertzen ari zen aditu batzordea iruzur bat dela salatu du. Batzordea osatzen duten hamabi kideetatik bederatzik auzian interesak dituztela esan du, ez direla inpartzialak eta "kartak markatuta" dituztela. Amaiurrek gainertu du adituen nahia ez dela pentsio sistema bermatzea, baizik eta gutxienera murriztea jendeak pentsio funts pribatuak kontratatu ditzan.
Zehazki esan du bederatzi horiek Unespa aseguruen patronalarekin, BBVA eta Caixa bankuekin eta Repsol eta Iberdrola multinazionalekin lotuta daudela. "Aspaldian ari ziren konpainia horiek eskatzen adituek txostenean jaso dutena". Amaiurren hitzetan adituek proposatutakoak murrizketa handiak ekarriko ditu pentsiotan, "gaur egun eta etorkizunean.
Adituen batzordeak atzo aurkeztu zuen bere txostena, pentsien jaitsiera orokorrari atea irekiz. Pentsioak gaurkotzeko inflazioa erabili beharrean iraunkortasun faktorea erabiltzea proposatu du aditu batzordeak. Espainiako Gobernuak alderdiei bidali die proposamena, erreforma negoziatzeko.