ekonomia

Amaiurren lehen ezezkoa, sozioekonomikoa

Espainiako Gobernuaren murrizketen lege dekretuaren aurka agertuko da Kongresuan. "PPk abian jarri du politika antisozial bat, atzera egiten duena, herritar gehienen aurkakoa", salatu du koalizioak. Presidentearen inbestidura saioan abstenitu egin zen.

2012ko urtarrilaren 10a
15:08
Entzun

Espainiako Gobernuak krisia dela-eta hartutako neurrien inguruko lehen lege dekretuari ezezkoa emango dio Amaiurrek Kongresuan, gaur Iruñean Rafa Larreina eta Sabino Cuadra diputatuek jakinarazi dutenez. "Izan ere, PPk abian jarri du politika antisozial bat, atzera egiten duena, herritar gehienen aurkakoa; langileen, autonomoen, dendari txikien, enpresa txiki eta ertainen aurkakoa eta, oro har, langileen eta erdi mailako klasearen kontrakoa".

Amaiurrek Kongresuko saio batean jakinaraziko duen lehen ezezkoa izango da —Mariano Raxoi gobernuburuak hilaren bukaera aldera du ganberan agertzeko asmoa—. Presidentearen inbestidura saioan abstenitu egin zen Amaiur, ez zuelako nahi izan Espainiako gobernuburuaren hautaketa bozketan parte hartzerik. Kongresuan talde propioa ukatu ziotenean, aurka azaldu zen.

PPk, murrizketekin, "sektore espekulatzaileetan —banketxeak, eraikuntza— oinarritzen den estruktura sozioekonomikoa betikotzera" jo duela uste du ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatutako koalizioak, "sektore produktiboei bizkar emanez"

Gainera, haren arabera, "neurri multzo horrek defizitik ez izatea du helburu, langabeziaren arazoa konpondu ordez. Herritar gehienak pobretzea ekarriko du". Esaterako, "pentsioak %1 soilik igota ez da berreskuratuko Zapateroren gobernuaren izoztearekin galdutako erosahalmena", eta "lanbide arteko gutxieneko soldata erosahalmenaren 2,4 puntu gutxitzea dakar". Gainera, salatu du PPk zergak igo dituela, eta eskatu du "gehien duenak gehiago ordain dezala".

Arlo sozialean, Mendekotasun Legearen aplikazioaren atzerapena aipatu du, baita emantzipazio errenta "ez berritzea", garapenerako laguntzak "murriztea" eta zerbitzu publikoen kalitatea "kaskartzea" ere.

Tresna instituzional eta politiko propioak eskatzen

Egoera hori izanda, Amaiurrek azpimarratu du Euskal Herriak "lehenbailehen" behar dituela bere esku "tresna instituzional eta politikoak, era eraginkor batean euskal jendartearen arazoak konpontzeko, bereziki krisialdian ahulenik eta babesik gabe dauden sektore sozialen arazoak konpontzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.