Enpresak

Amazonen zerga tratua ikertuko du Bruselak

Multinazionala Luxenburgon legez kanpoko tratu mesedegarria jasotzen ari den argitu nahi du Europako Batzordeak.

Amazoneko langile bat Alemanian. UWE ZUCCHI / EFE
Ivan Santamaria.
2014ko urriaren 7a
12:00
Entzun

Konpainia multinazionalen zerga ihesa kontrolatzeko beste urrats bat egin du EBko Lehia Agintaritzak. Orain, Amazon enpresaren egoerari buruz ikerketa sakona abiatzea erabaki du. Orain dela hilabete batzuk antzeko azterketa jarri zuen martxan Apple, Starbucks eta Fiat-ek jasotzen duten zerga tratua legez kanpokoa ote den argitzeko.

2003. urtetik Amazonek Luxenburgon duen zerga sistema ikertuko du Bruselak. Sistema horren arabera, konpainiak Luxenburgon duen filial batean biltzen dira Europako beste herrialde gehienetan dituen irabaziak. Bertan, araudia baliatuz, sozietate zerga ordaintzetik libratzen da. "Ondorioz, Amazonen etekin gehienak Luxenburgon kokatzen dira, baina ez dute zergarik ordaintzen Luxenburgon", dio Europako Batzordeak ikerketari buruz argitaratu duen oharrean.

Praktika horren bidez ordaindu beharreko zergak murriztea lortzen du Amazonek, Bruselaren aburuz. Merkatu baldintzetatik kanpo legoke, eta, ondorioz, legez kanpoko estatu laguntza izan liteke. Sistemak gaur egun ere indarrean jarraitzen du. Gainera, Luxenburgok ez duela eskatutako informazioa behar bezala bidali ohartarazi du EBk, baina aurtengo abuztuan kasu batzuetakoa helarazi zien, tartean Amazonena.

Ikerketa abiatu ondoren, Luxenburgok aukera izango du horri buruzko iritzia emateko. Ikerketa abiatu izanak ez du kasua aurrez epaitzen. Alegia, ez du derrigorrean esan nahi Luxenburgori zigorra ezarriko zaion. "Bakarrik onargarria da filialek dagokien zerga partea ordaintzea, eta ez lehentasunezko tratua jasotzea", argudiatu du Joaquin Almunia jarduneko Lehia komisarioak, ikerketari buruz.

Ekainean ofizial egin zuen Bruselak Apple, Starbucks eta Fiat enpresak ikertzen hasiko zela. Hiruretan antzeko praktika bat aztertu nahi du Bruselak: multinazional batek herrialde batetik bestera filialen artean mugitzen dituen ondasun eta zerbitzuei ezartzen zaien prezioa. Hasiera batean, eragiketa horiek merkatu prezioen araberakoak izan beharko lukete. Ordea, merkatu prezioak erabili beharrean, multinazionalek eragiketa horiek baliatzen dituzte, irabaziak zerga gutxien ordaintzen duten herrialdeetan kokatzeko. Behintzat, hori frogatu nahi dute ikerlariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.