Amets baten egia

Joseba Barandiaran Andueza.
B.ANDUEZA
2010eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
España va bien garaian gertatu zen Egunkaria-ren barrabaskeria, eta garai hartan dago hein handi batean, oraingo gaitzen jatorria. Espainiaren zorrari muzin egin diote nazioarteko inbertsiogileek, eta geroz eta ordain handiagoa exijitzen dute euren hartzekodun izateko. Gaizkiaren ardatzean sartu balituzte lez. Hori estatuari gertatzen bazaio, zer esan enpresez edo familiez. Atzo, azken orduan AEBetako manufaktura indizearen datu onak hatsa itzuli zien gorri-gorri zebiltzan indizeei; baina ez galerak eragozteko lain: 2.213 milioiren salerosketarekin %0,64 galdu zuen Ibex-35ek. Bi banku handienek %1,4na pasa galdu zuten, eta Edurnezurik (+%0,29) soilik egin zuen amets. Gainontzekoak, Espainiaren egia ikusten dute 9.300 puntuen langaz azpitik. S&P rating etxeak Sabadelli (-%0,63) jaitsi zion kaudimen kalifikazioa; baina epai horren aurretik egurra jaso dute Espainiako bankuek, batik bat ertainek. Zaila dago absoluzioa.



Raxoi. Legez defizit publikoa debekatzea otu zaio orain Mariano Raxoiri. Burtsako jaitsierak ere legez kanpo uztea bururatu ez zaionean, gaitzerdi. Etxebizitzaren neurrigabeko prezioak debekatzea ere ez zegokeen gaizki, bere garaian.



Azkoyen. Nafarroako Azkoyenek (-%2,22) Espainiako Leche Pascual taldeari saldu dio Azkoyen Hosteleria bere filiala, 33 milioiren truke. Hartara, ostalaritzako jarduna utzi, eta vending makinen jardunean arituko da gehienbat enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.