BBVAren Bilboko Kale Nagusiko eraikinean urte luzez amiantoarekin lan egiteak eragin zion Cosme Reali bere gaixotasuna. Gizarte Segurantzak eta Lan Ikuskaritzak onartu zioten mesioteloma, amiantoak eragindako minbizi mota bat, laneko eritasuna zela. Unival mutualitateak eta BBVAk, ordea, helegitea aurkeztu zuten eta, ordudanik, auzitan ari ziren. Real, alabaina, ez da epaitegira itzuliko, asteburuan zendu zelako, eritasunaren ondorioz.
Haren familiak auzitan jarraitu beharko du, Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteko bozeramaile Patxi Kortazarren esanetan. «Oso larria da eta, tamalez, familia askok pairatzen dugu hori». Asviamiek bildutako datuen arabera, urte hasieratik 21 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz. Horiek «kontrolpean» dituztenak baino ez dira, askoz gehiago izan baitaitezke. «Hamabost edo hogei urteren buruan amiantoak kalte egindako 25.000 gaixo izango ditugu Euskadin», Kortazarren arabera.
Kortazarrek gogorarazi duenez, 40 urte ere igaro daitezke materialarekin lan egin ondoren sintomak azaldu arte. Gaixoak, beraz, adin batekoak izaten dira, eta «oso prozesu zailak» hasi behar dituzte. Izan ere, gaixotasuna aitortzeko bakarrik lau urte igaro daitezke: «Enpresak, mutualitateak eta medikuak ditu gaixoak bere kontra; dena da oztopo».
Asviamiek elkarretaratzea egin zuen atzo BBVAko argiketari ohiaren heriotza eta bankuaren jarrera salatzeko, Realek lantoki izan zuen egoitzaren aurrean.
LAB sindikatuak amiantoaren arriskua erabat desagerrarazteko eskatu dio BBVAri eta, era berean, kaltetuentzako konpentsazio funtsa, eraikinean lanean aritutako langile guztien errolda eta horietako bakoitzari osasun azterketa egitea galdegin diote bankuari. Euskadiko CCOOk, bestetik, amiantoak eragindako gaixotasunak aitortzeko auzitara jo beharra gaitzetsi du. Gaixoek «kalte bikoitza pairatzen» dutela ohartarazi du, langilea hildakoan ere familiak auzitan jarraitu behar duelako.
Amiantoa osasun sarean
Gurutzetako ospitalea handitzeko lanetan amiantoa aurkitu izan dute azken hilabeteetan. Arazoa, ordea, ez da Barakaldoko erietxearena bakarrik, «osasun sare osoarena baizik». LABek agerraldia egin du, gai horren gainean Osakidetzak ageri duen «pasibotasuna eta argitasun falta» salatzeko.
Osasun arloko ordezkarien arabera, Osakidetzak egin dituen «urrats urriak» sindikatuen presioaren ondorio eta «inolako gardentasunik gabekoak» izan dira. LABek amiantoaren jarraipen batzordeak sortzeko eskatu du osasun sareko zentro guztietan, baina ez du Osakidetzaren erantzunik izan. Langile publikoena ez ezik, kanpoko enpresetakoen esposizioa aztertzeko baliabideak eskatu dituzte.
Amiantoarekin lan egin zuten 21 lagun hil dira urtarriletik, asteburuan azkena
Gurutzetako ospitalean aurkitutako amiantoren auzian ezer ez egitea egotzi dio LABek Osakidetzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu