Amiantoarekin lan egindako Muskizko langile bat hil da

Babcock Wilcox eta Acenor enpresetan aritu zen lanean, eta kontaktu zuzena izan zuen mineralarekin

Erredakzioa
Donostia
2009ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Juan Jose Alava, Muskizko (Bizkaia) bizilaguna, hil da, amiantoak eragindako gaixotasunaren ondorioz. 50 urte zituenetik Babcock Wilcox eta Acenor enpresetan aritu zen lanean.

CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, amiantoaren ondorioz biriketako asbestosisa eta adenokarzinoma eritasunak zituen hildako langileak. Gainera, biriketako infekzio baten ondorioz bere egoerak okerrera egin zuen nabarmen.

Alava 1946. urtean hasi zen lanean Babcock Wilcox SA enpresan, eta, ondoren, Acenorren aritu zen. Urte horietan labe elektrikoetan eta fundizioan amiantoarekin kontaktu zuzena izan zuen. Material horren erabilera gaixotasun ugarirekin lotuta dago.

Bere gaitza laneko gaixotasun moduan onartzeko prozedura iragan ekainaren 8an abiatu zuen Muskizko langileak, «bere egoera larriaren jakitun baitzen»,CCOOren esanetan. Ezinbestekoa da haren iritziz Osalanek eta Osakidetzak gaitz horiek laneko gaitz moduan onartzea, «industria sektorean eta zerbitzuetan zabalduak dauden substantzia horien erabilera neurtzeko».

Dagoeneko bederatzi hildako

Urtea hasi zenetik amiantoarekin loturiko heriotzak ugarituz joan dira, eta gutxienez Euskal Herrian bederatzi lagun hil dira amiantoak sorraraziriko eritasunen ondorioz. Azkena, ekainaren hasieran hil zen. Jose Luis Fernandezek 59 urte zituen, eta 1975etik Dragados y Construccion enpresan egiten zuen lan.

Amiantoa 1996tik debekatuta dago Iparraldean, eta 2002tik Hegoaldean. Halere, oraindik ere 125 milioi langilek material horrekin lan egiten dutela jakinarazi du OME Osasunaren Mundu Erakundeak.

Gainera, amiantoarekin lan egin eta urteetara nabaritzen dira kalteak. Beraz, ondorengo urteetan kutsatutako langileen kopurua handituko dela uste du Asviamiek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako amiantoaren biktimen elkarteak.

Sindikatuek aurreikusitakoaren arabera, Euskal Herrian material hori erabiltzeagatik 8.000-10.000 langile inguru hilko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.