BAKARRIZKETA

Aldaketa benetan garbia izan dadin

BERRIA.
Irune Lasa.
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Klimaren aldaketari aurre egiteko ezinbesteko aldaketaz hitz egitean askotan azaltzen da garbi hitza; iturri garbiak, garraio garbiak... Hala ere, aldaketa hori benetan garbia izateak eskatuko du garbitasuna hainbat aldagaitan, ez soilik isurketan.

1. Garbiago azaltzerik bai? Isuri gabeko auto elektrikoa garbia da baldin eta haren bateriako osagaiak egiteko 7 urteko haur bat lanean jarri badute? Edota meatzaritza talde handiak herrialde behartsuan eroskeriaz lortutako kontratutik badatoz?

2. Hor, zikinetik gehiago garbitik baino. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta hedabidek salatutakoa hor dago; adibidez, kobaltoaren ekoizpenean. Iaz munduan erauzitako kobaltoaren bi heren Kongoko Errepublika Demokratikokoak ziren. Glencorenak eta halako industria talde handienak dira hango meategi gehienak. Baina kobalto horren %17 inguru eskuz eta maiz baldintza oso kaskarretan —behartutako lanaren bidez ez denean— erauzten da, Kongo hego-ekialdeko Katanga eskualde gatazkatsuan. Bitartekarien bidez, kobalto zikin hori teorian garbia denarekin nahastuta iristen da hornidura katera.

3. Eta iristen da kontsumitzaileengana. Munduan erauzten den kobaltoaren %45 inguru litio ioizko bateriak egiteko erabiltzen da gaur egun. Hots, smartphone sakelakoek, auto elektrikoek, ia guztiek kobaltoa daramate. Bateriek berebiziko garrantzia dute elektrifikazioan eta deskarbonizazioan.

4. Kobalto zikina ala garbia? Ezin jakin. Hori jakin ahal izatea nahi lukete gobernuz kanpoko erakundeek, eta baita garbi jokatu nahi/behar duten bateria egile eta erosleek ere. BMWk, esaterako, erabaki du kobaltoa zuzenean erosiko duela Australiako eta Marokoko bi meategi zehatzetan. Hori omen du modu bakarra ziurtatzeko lehengaia arauak betetzen dituen iturri arduratsutik datorrela.

5. Ez dago beste modurik? Londresko Metalen Burtsak iragarri du arauak aldatuko dituela. 2022tik aurrera bertan salerosten diren metalek jatorria«arduratsua» dela ziurtatu beharko dute, nazioarteko araudia betetzen dutela. Arauak betetzen ez badituzte, ekoizleak burtsatik kanporatu ahalko dituzte. Iaz 14 bilioi euroko metal salerosketak egin ziren burtsa horretan.

6. Garbitasun bila dabiltza? Edo euren burua zuritzen? Zuritu nahia leporatu zioten burtsari, araudia aldatzeko asmoen berri haurrek erauzitako kobaltoari buruzko informazioen ostean eman zuenean. Gobernuz kanpoko erakundeek behartuta, burtsak epeak laburtu ditu, eta ustelkeria ere aintzat hartuko du. Presioa sentitzen ari direla dirudi, herritarren, erosleen, kontsumitzaileen presioa.

7. Eta hala behar du, argi eta garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.