Aspaldi luzean zaude langabezian, ez duzu enplegurik topatzen. Besterik ezean, bekadun sartu beharko duzu nonbaiten....
1. Zer diozu, bekadun! 50 urte pasatuta dauzkat eta! Bada, argi ibili, ze horixe da Espainiako enpresarien CEOE elkartearen azken proposamena: beka edo praktika kontratuak egin ahal izatea 45 urtetik gorakoei ere.
2. Horixe bakarrik behar genuen. Adin horrekin, ja urteak langabezian, eta, orain, bekadun nahi gaituzte. Zer argudio erabili dute hori eskatzeko? Legea aldatzeko eskatu diote Madrilgo gobernuari, gaur egun 30 urtetik beherakoentzat direlako bakarrik prestakuntza kontratuak. Adin muga hori ezabatu nahi dute, esanez «onuradun» nagusiak 45 urtetik gorako langabeak izango direla, langabezia saria agortuta daukatenak.
3. Haiek bai onuradunak, lau txakur txiki pagatuko lizkigukete eta. Ez zabiltza oso oker. Hori ere eskatu diote gobernuari, «ez arautzeko [beka kontratuen] ordainketa ekonomikoak, enpresa batzuei zaildu egin dakiekeelako ikasleak hartzea praktiketan». Alegia, doako bekadunak nahiago dituztela. Gainera, ez ahaztu beka edo praktika kontratudun bat kaleratuz gero enpresak ez diola kalte-ordainik pagatu behar.
4 .Kaleratzeak are merkeagoak egiteko beste tresna bat, funtsean. Eta, behin eskatzen hasita, gehiago ere eskatu dute...
5. Bota. Dagoeneko ez nau ezerk harrituko eta. Eskatu dute bekadunek asteburuetan eta jaiegunetan ere lan egin ahal izatea, eta kentzeko mugak bekadunek gaueko txandak eta ordu estrak ere egiteko.
BAKARRIZKETA
Enpresarien azken eskaria: 45 urtetik gorako bekadunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu