Oihan Vitoria.
BAKARRIZKETA

Hamaikagarren saioa mezularien ahotsa otzantzeko

2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Panamako paperen ekaitza baretu ez dela, Luxleaks auzia azaleratu zutenen kontrako auzibideari ekin diote asteon Luxenburgon. Puri-purian dago gaia, gaurkotasun ukaezina du; beraz, balioko du jakiteko zer ondorio izan ditzakeen zerga iruzurren horma zurruna pitzatzeak eta zikinkeria hedatzeak. «Ezkutuko dokumentuak» legez kanpo haizatzea eta datuak lapurtzea egotzi diote PwC auditoriako langile ohi Antoine Deltourri. Asteazkenera arte iraungo du auzibideak.

1 Banengoen ba Panama bakarrik ezin zitekeela izan zerga iruzurraren epizentro. Ez horixe! Inondik ere. Laino ilun eta ezkutu baten azken trumoi zaratatsua besterik ez da hori. Panamako paperek anaia txiki franko dituzte. Badira aurrekariak: lehenbizikoa, Falciani zerrenda, Suitzako HSBC entitateak bezeroei zergak saihesten laguntzeko erabili zituen trikimailu eta bidezidorrak haizatu zituena; bigarren eskandaluak Luxleaks izena hartu zuen, multinazionalei Luxenburgoko Gobernuak emaniko zerga tratu mesedegarrien barrunbeak argitaratu zutenean.

2 Etenik gabeko jarioa, beraz. Multinazionalen abantailak eta zerga iruzurra fokupean jarri zituen 2014an azaleratutako kasuak. Politika europarra zipriztindu zuen. Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroa zen, hitzarmen horiek baimendu zirenean. Lotsagarri geratu zen.

3 Eta nor egin dute erantzule? Gezurra badirudi ere, mezularia, ez urratzailea: Antoine Deltour, 2010. urtera arte PwC Price Waterhouse Cooper auditoriako behargin izandakoa. Sekretu profesionala urratzea, isilpeko datuak ebastea eta galbaherik gabe argitaratu zituen taldeko buru izatea egotzi diote. Filtrazioak gogor ordain daitezkeen seinale, hamar urteko espetxe zigorra jar diezaiokete Deltourri.

4 Hark bakarrik egin beharko lioke aurre zigorraren zamari? Gaizkidetasun zantzuak ikusita, Raphael Halet PwC auditoriako langile ohia eta Edouard Perrin kazetaria ere jopuntuan ipini dituzte. Espero ez zituen ondorioei aurre egin beharko badie ere, Deltour ez da ezertaz damutzen. «Herritar gisa» jardun zuela dio, bere burua ez duelako ekintzailetzat. Gardentasunaren izenean aritu zela esplikatu du, eta «sorgin ehiza» salatu: «Hasieran, iturri anonimo bat besterik ez nintzen, eta, orain, agertokiaren aurrealdean jartzen naute. Ez da zilegi».

5 Zer dio Luxenburgok? Defentsa ildo ezaguna du: akordio horiek ez dute EBko legea urratzen. Junckerrek berak baliatu zuen argudioa, auziaz eginiko lehen agerraldian: «Ez naiz Luxenburgoko ereduaren arkitektoa; eredu hori ez da existitzen»

6 Zein trikimailu zituzten orduan? Egungoaren antzekoak. Dirua herrialdez herrialde eta enpresaz enpresa mugitzen zuten, beste toki askotan lortutako irabaziak Luxenburgora bideratu eta zerga gutxiago ordaintzeko.

7 Nor ausartu zen dokumentuak argitaratzera?Panamako paperen kasuan bezala, ICIJ ikerketa kazetarien partzuergoak egin zituen publiko Luxenburgok 2002tik 2010era enpresekin izenpetutako 548 isilpeko tratu; horien artean daude Apple, Ikea, Deutsche Bank, Heinz eta AIG.

8 EBko bigarren herrialde txikiena izateko ez da huskeria... Okerrena da auzia azaleratu ostean iruzurrak EBren, OCDEren eta G20koen arreta bereganatu arren, ez zutela aparteko neurririk hartu. Auditoriei buruzko zalantzak areagotu ziren, hori bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.