Jon Fernandez.
ASTEKO GAIA

Jakina zena jakiten denean

2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Jakina zen Juncker ez zela aingerutxo bat. Jakina zen paradisu fiskal baten gobernuburu izana zela hamazortzi urtez popularrek Europako Batzordeko presidentegai hautatu zutenean. Jakina zen ihes fiskala babestu izan duela Luxenburgoko Gobernuan. Jakina zen dukerrira jotzen dutela multinazional askok beste estatuetan zergarik ez pagatu eta bertan ia ezer ez ordaintzeko. Jakina zen Jean-Claude Juncker, EBko eraikuntzaren azken dinosauroa deitu izan dutena, sekretuen eta gezurren zalea zela berak hala aitortuta («Gauzak serio jartzen direnean, gezurrak esan behar dituzu»). Baina Luxleaks izeneko eskandaluak ageri-agerian laga du bat-batean europarren begien aurrean. Kasuak EBko harmonizazio fiskalari behin betiko bultzada emateko balioko duela esan du. Baina horretarako baino gehiago, balio izan du Junckerren hipokrisia bistan lagatzeko eta kolokan haren sinesgarritasuna. Ez bakarrik Junckerrena, baita EBrena ere.

Agintaldi hasiera maldan gora jarri zaio. Ziurrenik, laster Europako Parlamentuaren mozio bati aurre egin beharko dio. Ezkerreko Taldea sinadurak biltzen hasi da haren kontrako mozioa aurkezteko. Gutxienez 76 parlamentariren sinadurak bildu beharko dituzte. Ez da oso zaila izango. Ezkerrekoak 52 dira; berdeak, 50; euroeszeptikoak, 52; eta tory-ek ere aprobetxatu dezakete Juncker estutzeko.

Mozioak, nolanahi ere, legebiltzarrean zerga ihesaz eztabaidatzeko eta Juncker publikoki zalantzan jartzeko baino ez du balioko, ziurrenik bozketan gehiengoak atzera botako duelako mozioa. Ez da izango Europako Batzordeko burua estutzeko erabiliko den eszenifikazio bakarra. David Cameronek asteburu honetako G20koen bilera baliatuko du hari presio egiteko. Londresek Bruselari gehiegi pagatzen diola kexu dira tory-ak, eta hasieratik egin zuten Junckerren kontra. Londresek gerra deklaratu zion haren hautagaitzari. Junckerren izendapenaren bezperan The Daily Telegraph egunkariak Junckerren mozkorkeriagatiko kezka tituluarekin zabaldu zuen kazeta, eta goizean koñakarekin gosaltzen duela baieztatu zuen.

Jakina zena erakutsi du Luxleaksek: 2002tik 2010era bitartean Pepsi, Ikea, FedEx, AIG, Deutsche Bank eta munduko beste 340 multinazionalek baino gehiagok itunak negoziatu zituztela Luxenburgoko zerga agintariekin, pagatu beharreko zergak nabarmen txikitzeko, sarri %1 irrigarriraino. Hori guzti Juncker dukerriko gobernuburu zenean. Asteon aitortu du zerga ihesaren «erantzule politikoa» dela, baina ez «arkitektoa». Luxenburgon «gehiegizko ingeniaritza fiskala» egon dela, baina ez duela dimitituko. Eskuak garbitu ditu. Areago, lehenbailehen EBko harmonizazio fiskalerako neurriak iragarri ditu. Baina zer sinesgarritasun maila du proposamen horrek Junckerren ahotan? Dukerriko zergen maila errealak beste, oso-oso gutxi.

Haren ibilbideari eta EBko aurrekariei begiratzea baino ez dago horretaz jabetzeko. Banku sekretuaren debekua behin eta berriz atzeratu du Luxenburgok, Austriarekin batera. Azkenean, aurten onartu dute biek banku sekretua ezabatzea, baina ez da indarrean sartuko 2017ra arte. Irlandak aurten onartu du 2020tik aurrera multinazionalentzako laguntza fiskalak ezabatzea. Luxenburgo isilik dago oraindik.

Ia milioi erdi biztanleko dukerriak, besteak beste, egungo ereduari esker du EBko per capita errenta handiena eta gutxieneko soldata handiena (1.921 euro). Durao Barrosok jada 2011n proposatu zuen EBko harmonizazioa baina estatukideek atzera bota zuen, tartean Junckerren Luxenburgok.

Krisi garai betean zergaz itota dauden herritarrek pertzepzioa izan dezakete EB zerga iheserako mahai joko bat dela multinazional handientzat. Pentsa dezakete Juncker artaldea zaintzeko hautatu den otso bat dela. Areago eurotaldeko buru zeneko bere adierazpenak gogoratzen baditugu: «Dirua kontu serioa da. Eztabaida sekretu eta ilunen aldekoa naiz». Brusela lehendik ere Luxenburgo ikertzen ari da Fiati ustez eginiko mesede fiskalengatik. Susmoak, usteak eta aurrekariak baieztatzen direnean, hondoratu egiten da lehendik ere ahula zen sinesgarritasuna. Kasu honetan Junckerrenganako eta EBrenganako konfiantza. Horixe gertatzen da jakina zena jakiten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.