Andaluzia estutu, Asturias ito

Espainiak atzera bota du Asturiasen plana defizita mugatzeko, eta Asturiasko gobernu berriak bi aste ditu plan berria egitekoJaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren planek Espainiaren onespena daukate

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Asturiasek ez du gainditu Espainiako Gobernuaren azterketa. Andaluziak bai, baina ozta-ozta. Gainerako guztiek errazago. Espainiako Gobernuak ataka zailean jarri du Asturiasko Gobernu berria, oraindik osatu ez bada ere, bi aste baino ez baititu edukiko beste plan bat aurkezteko, aurten defizit publikoa barne produktu gordinaren (BPG) %1,5era jaisteko. Espainia konbentzitzen ez badu, Espainiak Asturiasko erabakiak ere hartuko ditu. Andaluziako Gobernuak azken unean lortu zuen Espainiako Gobernuaren baiezkoa, 300 milioi euroko murrizketa gehigarri bat onartu eta gero. Asturiasek eta Andaluziak bi ezaugarri komun dituzte: biek egin zituzten hauteskundeak martxoaren 25ean, eta bietan PSOEk lortu du gobernua (Andaluzian IUrekin koalizioan).

Zerga eta Finantza Politikaren Batzordearen bilera egin zuten atzo Madrilen, autonomia erkidegoen murrizketa planak aztertzeko eta onartzeko. Izan dira defizita legez mugatzeari aurre egin diotenak, baina denek zintzo-zintzo egin eta aurkeztu dituzte planak. Inork ezin du ziurtatu azkeneko murrizketak izango direla.

Beste kontu bat da plan horiekin defizita BPGaren %1,5era jaistea lortuko duten. Zenbait planek «Errege Magoei bidalitako gutunak» diruditela onartu zuen herenegun Marta Fernandez Currasek, Espainiako Aurrekontu estatu idazkariak. Autonomia erkidego gehienek antzeko formulak baliatu dituzte paperean defizita mugatzeko: hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan gastuak murriztu, funtzionarioei ordaina gutxitu eta langile publikoak kaleratu. Guztira, 13.071 milioi eurotan gutxitu nahi dute gastua, eta 5.278 milioi eurotan handitu nahi dituzte diru sarrerak.

Autonomia erkidegoen proposamenetako bat hispabonuak jaulkitzea da. Espainiako Gobernua kontra dago. Cristobal Montoro Ogasun ministroaren esanetan, «ezin da autonomia erkidego baten arriskua Espainia osoarekin partekatu». Espainiako Gobernua, baina, eurobonuen alde dago, hau da, euroguneak herrialde batzuen arriskua partekatzearen alde.

1. Hego Euskal Herria

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bileran parte hartu zuten, baina ez zituzten haien planak aztertu, zuzenean Espainiako Gobernuarekin hitzartzen baitituzte. Bi administrazioen planek atzoko bilera baino lehen jasoa zuten Espainiaren onespena. Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak atzoko bilera baino lehen sinatu zuten aurrekontuak orekatzeko 2012-2014ko plana.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak atzo salatu zuen Espainiaren politika zentralizatzaileek handitu egiten dituztela Hego Euskal Herriaren mugak ekonomia gaietan.

2. Asturias

Espainiak Asturiasko jarduneko gobernuak (Foro Asturias) bidalitako plana bota du atzera. Maiatzaren 22an izango da Asturiasko Gobernu berriaren inbestidura saioa. Astebete geroago aurkeztu beharko dio Espainiari defizita aurten BPGaren %1,5era mugatzeko plana. Espainiak bi aste izango ditu plana aztertzeko eta, onartzekotan, ekainaren erdialdean onartuko du, Zerga eta Finantza Politikaren Batzordearen hurrengo bileran.

Onartzen ez badu, Asturias aldaketak egitera behar dezakete. Egiten ez baditu, Asturiasek BPGaren %0,02 jarri beharko du funts batean. Funtseko dirua isun bihurtuko da, aldaketak egin gabe jarraitzen badu. Hurrengo urratsa Asturiasko Gobernuan esku hartzea da: Espainiako Gobernuak hartuko ditu erabakiak, Asturiasko gobernuak edo parlamentuak hartzen ez badituzte. Guztia Aurrekontuen Egonkortasun legean oinarrituta.

3. Andaluzia

Andaluziako Gobernua (PSOE-IU) eta Espainiakoa mokoka aritu dira murrizketak direla eta. Baita atzo ere. Plana onartzearen truke, Espainiak Andaluzia 300 milioi euro gehiagoko murrizketak egitera behartu zuen atzoko bileran.

Andaluziak 3.500 milioi euroko murrizketa eta erreforma gehigarriak egin dizkie aste honetan 2012ko aurrekontuei. 2.500 milioi euro gutxiago gastatuko ditu, eta mila milioi euro gehiago biltzea espero du. Murrizketa ugari onartu ditu: 261.000 langile publikoen soldatak, batez beste, %5 gutxituko ditu (777 milioi euro, 3.000 inguru funtzionario bakoitzeko), behin-behineko langileen lanorduak eta soldata %15 gutxituko ditu, ez du obra publiko berririk egingo (570 milioi euro)...

Mila milioi euro gehiago biltzeko asmoa badu, baina ziurtasunik ez. Mila milioi euro horietatik seiehun Europako Batasuneko funtsetatik jasotzea espero du, jada egindako obrengatik. Espainiako Gobernuak atzo auzitan jarri zituen diru sarrera horiek.

4. Katalunia

Kataluniako Generalitateak (CiU) 1.475 langile publiko kaleratuko ditu, langile publikoei soldatetako osagarriak %5 gutxituko dizkie, diru laguntzen deialdiak bertan behera utzi ditu, enpresa publikoak esku pribatuetan utziko ditu, Espainiako Gobernuaren hezkuntzako eta osasun zerbitzuetako murrizketak aplikatuko ditu... Horrez gain, Generalitatea prest dago ospitale publikoetan pasatako gau bakoitzeko bost euro kobratzeko, eta errenta handikoei botikak kobratzeko. Hori guztia eginda ere, agian ez da nahikoa izango defizita 4.400 milioi eurotan gutxitzeko eta BPGaren %1,5era iristeko.

Artur Mas Generalitateko presidenteak asteartean aurkeztu zuen murrizketen hirugarren oldea, 1.500 milioi eurokoa. Berriro esan zuen ez dutela murrizketa gehiago egin beharko Espainiarekin zerga ituna hitzartuz gero: zergak Kataluniak bilduta eta gero Estatuari zati bat ordainduta, haren eskumenen truke.

Generalitateak defizita mugatzeko planean aurreikusi du Espainiak 219 milioi euro ordainduko dizkiola 2009ko diru kontuen likidazioaren zorrarengatik; hasieran Espainiako Gobernuak esan zion ez diola diru hori ordainduko, baina atzo onartu zuen zorra baduela, eta ahal duenean ordainduko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.