SudOuest kazetak jakinarazi duenez, Euskal Herrian sorturiko diruaren hiru laurdenak eraman zituen Suitzara Angelun (Lapurdi) egoitza duen Volcom sozietateak. 2011. urtean hasi zen epaitegia zerga iruzurrari buruzko susmoak izaten, eta joan den martxoaren 31n egin zuten sozietatearen aurkako auzia, Baionako Auzitegi Korrekzionalean.
Kaliforniakoa da enpresa (AEB), baina adar bat du Angelun. SudOuestek azaldu duenez, bertze sozietate bat sortu zuten Suitzan 2007an, bederatzi langilerekin, “Asia eta Tunisiako salerosketak kudeatzeko”. Angelukoa, berriz, Suitzakoaren azpikontratatua litzateke. Alta, Lapurdikoak dio ematen lana 89 enplegaturi, eta marketing, produkzio eta diseinua haren gain hartzen ditu. Aktibitate gehiena hor dago, finean. Dirua aldiz, Suitzan.
Pertsonen aurka ez
Dirudienez, Volcom sozietateak berak baliatu du zerga iruzurra, eta ez pertsona zehatzek. François Pinaultek 2011n erosi zuen Angeluko sozietatea, baina erantzukizunik ez duela dio. Epaiketan azaldu zuen ez zuela Suitzako sozietatearen berri. Milioi bat euro ordaintzeko eskatu zion administrazio fiskaleko abokatuak.