Lan baldintza txarrak salatzeko greban jarri ziren atzo arratsaldean Angeluko URSSAF egiturako langileak. FO eta CFTC sindikatuek deiturik, Angeluko 72 langileetarik %75ek lana utzi zuten.
Gizarte Segurantzaren kutxa finantzatzeko, langile eta nagusien kotizazioak biltzeaz arduratzen da URSSAF. 2008ko urtarrilaren 1az geroztik, merkatari, eskulangile eta langile independenteen babespen sozialaren ardura ez da gehiago haren esku. Haatik, eginbehar berri batzuk finkatuak izan zaizkio. Berrantolaketa horren planteamendua ez dela lortua izan azpimarratzen dute sindikatuek. Gaizki egina izan denez, zerbitzu eskaeretan izugarriko beranta sorrarazi duela diote, eta horrek aseguratuen haserrea dakarrela ohartarazi dute.
Horrez gain, 2009ko ekainaren 1eko erreformak Angeluko eta Paueko bulegoak bateratu zituen. Aldaketa hori ere gaizki planteatua izan dela diote sindikatuek. Elkartze horrek zerbitzuetan senti zen beranta oraindik areagotu duela salatu dute. Hau da, Claudine Milox FOko kideak azaldu duenez, «eskaera guztiak Pauen errezibituak dira eta han metatzen dira ; horrek ere aseguratuen haserrea emendatzen du».
Postu murrizketa
«Buruturiko lan postu murrizketek egoera gaizkiagotzen dute» dio Miloxek. Baionako delegazioak abenduaren 31n jakin zuen 2010. urtean behin-behineko langilerik ez dela izango. Horrez gain, erretiratzen diren langileak ez dira ordezkatuak izango eta epe mugatuko kontratuak ez dira berrituak izango. Postuen gutxitzeak dakarren lan metaketa ez dute onartzen langileek, eta hori salatu dute lanuztearekin.
Horrez gain, 2013. urterako aurreikusia den Urssafaren eskualdekatzeak ere sindikatuen kezka sortu du. «Nola egingo dute? Erabat ezezagunaren aitzinean gaude», dio Miloxek. Aurreko ostiralean, dagoeneko, Angeluko bulegoko langileen %81ek lana utzi zuten. Ondoko hitzordua urtarrilaren 28rako finkatu dute.
Angelun, URSSAF egiturako langileek lan baldintzak salatu dituzte
Sindikatuen arabera, gaizki planteaturiko lan berrantolaketek eta postuen murrizketek dute egoera esplikatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu