2010eko azaroan erreskatea eskatu zuen Irlandako Gobernuak, batik bat Anglo Irish bakuaren kolapsoak eraginda, eta 85.000 milioi euroko kopurua onartu zuten Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batzordeak. Ordutik zortzitan aztertu du troikak erreskatearekin jarraitzeko bete behar diren baldintzak betetzen ari ote diren. Gaur bederatzigarren azterketaren ondorioak jakinaraziko ditu.
Bien bitartean, Dublinek zorra txikitzeko behar gorrian dagoela dio, eta gaur bertan legebiltzarrean onartutako presazko lege bat zorra murrizteko helburua du. Anglo Irish bankua likidatzeko prozesua azkartu nahi du Irlandako Gobernuak. Hala, banku hori erreskatatzeko eman zioten maileguaren zorra (28.000 milioi euro) txikituko lukeela uste du Dublinek.
Enda Kenny Irlandako lehen ministroak esan du Anglo Irish Bank bankuaren itxiera azkartzea beharrezkoa dela merkatuen "izulaborria" saihesteko. EBZk 31.000 milioi euroko mailegua eman zion Dublini banku kolapsatua eta Irish Bank Resolution Corporation (IBCR) estatuko konpainia salbatzeko. Urtero %8ko interes tasa ordaintzen du Irlandako Estatuak mailegu horri aurre egiteko, eta 2023 arte egon behar du ordaintzen. Martxoaren 31n urtero egin behar duen ordainketa egokitzen zaio Dublini (3.100 milioi euro), eta hura negoziatu nahi du troikarekin. EBZren mailegua epe luzeko Estatu zorraren truke aldatzea nahi du exekutiboak, 25 eta 40 urte arteko zorraren truke. Ikusteko dago EBZren erantzuna zer nolakoa izango den.