Antigua uhartean Standford iruzurgileak duen Bank of Antiguan jende iladak agertu dira. Antiguarrak berri, beraz. Bankarien amesgaizto hori Alemanian ere gertatzea eragotzi nahi dutenez, nazionalizatze planekin datoz Merkel eta konpainia. Gurean, aldiz, bi banku handien azken orduko aupadak eutsi zien indizeei. Meritua da, Philip Falcone aberatsaren Harbinger arrisku kapitaleko funtsak 166 milioiren apustua egin baitu BBVAren (+%3,31) akzioen kontra, CNMVri jakinarazi dionez. Gainontzean, petrolio merkexeagoa eta makroekonomia berri gutxiko eguna joan zen, Wall Streeten irribarre txikiarekin. Obamak hipotekadunei lagunduko die, eta arrazoizkoa dirudi, botikak gaitzera bideratu behar badira. 1.801 milioiren salerosketa izan zen, gehiegi ere ez. Santanderrek (+%1,95) Edurnezuriren (-%0,71) penak arindu zituen. %3na pasa galdu zuten Gamesa eta Telecinco salbu, gorabehera txikien ilada izan zen nagusi.
Bankinter (+%0,28) bankuak hiru urterako 1.500 milioiren zorra jaulki du, Espainiako estatuaren abalaz lagunduta. LaCaixa eta CajaMadrid kutxez gain, Popular (-%1,67) zen orain artean abal hori erabilitako banku pribatu bakarra.
Parisen gorabehera handiagoak izan ziren atzo, SIBEn baino: %4na pasa galdu zuten Michelin eta ST Microelectronicsek; %5,15 galdu zuen Renault autogileak. BNP Paribas eta Air Liquidek berriz, %2na pasa egin zuten gora.
Antiguarrak berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu