Lan osasuna

Antsietatea lan istripu gisa onartu du Gizarte Segurantzak

Lantokian bazterketa pairatzen zuen langile baten kasua onartu du Gizarte Segurantzaren Bizkaiko Bulegoak lan istripu moduan.

Estresa da gaixo baimena eskatzeko arrazoi zabalduena. BERRIA
xabier martin
2019ko maiatzaren 21a
17:17
Entzun

UGT sindikatuak jakitera eman duenez, Gizarte Segurantzaren Bizkaiko Bulegoak estreinakoz onartu du behargin baten antsietate kasua lan istripua dela. Bizkaiko udal batean jarduten du langileak, eta 2018ko irailean antsietateak jo zuen. Lan mutualitateak sailkatu zuen "laneko jatorririk gabeko gaixotasun soil" gisa. Familiako medikuak, ordea, psikologoarena bidali zuen langilea, eta hark "larritasuna" zuela esan zuen antsietateak eraginda. "Gaixotasunak lanean du jatorria arrisku psikosozialengatik; jarrera baztertzaileek eragin dituzte arrisku haiek", idatzi zuen medikuak.

Horiek horrela, UGT sindikatuak gaixotasunaren sailkapena aldatzeko eskatu zion mutualitateari, "garbi ikusi zelako lanpostuak eragindako gaixotasuna zela". Bada, Gizarte Segurantzaren Bizkaiko Bulegoak onartu egin du. Sindikatuak salatu du horrelako kasuak asko direla, nahiz eta onartzen ez diren, eta "ohiko gaixotasun gisa" sailkatzen diren. Laneko jatorriko gaixotasun gisa onartzeko ateak zabal daitezela eskatu du sindikatuak. Europako Arriskuen Behatokiaren arabera, estresa da gaixotasun baimena eskatzeko arrazoietan gehien zabaldua Europan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.