Antxoa kopuruak zuhurtziako muga gainditu du, 2005. urtetik lehen aldiz

Europako Batzordeak uztailaren hasieran egingo du antxoaren arrantzari buruzko 2011rako proposamena

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Antxoa berreskuratzen ari da, poliki bada ere. Ia bost urtean antxoa arrantzatzea debekatu arren, bere egoera ahula da oraindik; baina udaberriko antxoa kopuruaren datuak zuhurtziako muga gainditu du, 2005etik lehen aldiz. Antxoaren biomasa 36.500 tonakoa da Bizkaiko Golkoan, Azti-Tecnaliak maiatzean egindako Bioman neurketaren arabera. Hau da, arrantza baimentzeko 33.000 tonako zuhurtziako biomasa baino pixka bat handiagoa. Iazko kopurua %30ean gainditu du.

Eusko Jaurlaritzako eta Azti-Tecnaliako arduradunek aurkeztu zituzten datuak, atzo, Bilbon. «Ez da lehengoratze ikusgarria», ohartarazi zuen Pilar Unzalu Arrantza sailburuak. Hala ere, uste du datuak bermatu egiten duela hurrengo urtean antxoa arrantzatu ahal izango dela. Unzaluk aurtengoa baino antxoa kuota handiagoa eskatu zuen 2011rako, aurtengoa mugatua izan baita, 7.000 tonakoa guztira.

Eusko Jaurlaritzak berak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek antxoaren epe luzerako kudeaketa plana nahi dute, antxoaren errentagarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Funtsean, arrantzarako irizpideak eta kuotak arrazoi zientifikoetan oinarritzea nahi dute, ez negoziazio politikoetan. Planari ekarpenak egin zizkioten, eta Europako Legebiltzarrak onartu zuen, baina Europako Batzordeak plana geratu zuen. Ondorioz, Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak hartuko dute 2011ko kuotei buruzko erabakia.

Azti-Tecnaliak antxoa emeen ugalkortasuna eta antxoa emeek egunero jarritako arrautza kopuruak neurtzen ditu Bioman kanpainan. Aurten, 500 lagin baino gehiago bildu ditu. Datu horietan oinarrituta, antxoa helduen biomasa kalkulatzen du. Beraz, emandako datua estimazioa da.

Hala ere, udaberriko datuak bat datoz udazkenekoekin. Udazkenean, antxoakumeak neurtzen ditu, Juvena kanpainan. 2003an antxoakumeak zenbatzen hasi zirenetik, iazko irailean lortu zuten kopururik handiena, 177.885 tona. Datu hori ikusita, Azti-Tecnaliako teknikariek aurreikusi zuten ziurrenik aurtengo udaberrian antxoa helduen kopurua zuhurtziako mugatik gora egongo zela. Bioman kanpainako datuek prebisioa baieztatu dute.

Aztiko teknikariek nabarmendu dute aurtengo erreklutamendua «garrantzitsua» izan dela, ikusi duten antxoa gehiena iazko udaberrian jaiotakoa dela. Erreklutamendua heldu izatera iristen diren antxoa kopurua da.

Baina Azti-Tecnaliarena behin-behineko datua da. Antxoaren benetako egoerari buruzko behin betiko datua ekainaren 28an emango du ICESek, Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak. Bera da erreferentzia.

Antxoa gutxi eta merke

ICESek eredu matematiko bat erabiliz egiten du kalkulua, hainbat datutan oinarrituta: Azti-Tecnaliarenak, Ifremerrenak (Itsasoaren Ustiapena Ikertzeko Frantziako Institutua), antxoen adina, aurreko urteetako emaitzak, harrapaketak... Horiek guztiak ikusita, ICESek 2011n antxoa harrapatzeko gehienezko kopuru bat emango dio Europako Batzordeari. Europako Batzordeak uztailaren hasieran egingo du urte osorako proposamena, 2011ko uztailera arte.

Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Kantabriako (Espainia) arrantzaleek aurtengo antxoaren arrantza amaitu berri dute, beraiei baimendutako kopurua arrantzatu baitute, 5.400 tona. Orain, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako arrantzaleak ari dira antxoa harrapatzen. 1.600 tona dagozkie.

Juvena kanpainako datuetan oinarrituta baimendu zuten aurten antxoa kopuru mugatu bat arrantzatzea, Espainiako eta Frantziako gobernuen presioaren ondorioz.

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak pozik daude ia bost urteko debekuaren ondoren antxoa harrapatu ahal izan dutelako; baina kezkatuta ere bai, antxoa merke saldu behar izan dutelako, nahiz eta prezio onak lortzeko gehienezko arrantza kopuruak mugatu dituzten. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2,73 eurokoa izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetako enkanteetan saldutako antxoa kiloaren batez besteko prezioa.





############











############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.