Antxoa asko dago, baina txikia. Arrantzaleek antxoaren kanpaina honetan izandako pertzepzioak berretsi dituzte maiatz honetan Aztik egindako neurketek. Bioman kanpainari esker, arrantzaleen usteei datuak jarri dizkiete Azti Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozok eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkuek.
Bioman kanpainaren arabera, 225.000 tona antxoa daude gaur egun Bizkaiko golkoan. Azti 1987an hasi zen antxoa arrautzen kopurua ikertzen espeziearen biomasa kalkulatzeko, eta 30 urtetako emaitza onena izan da aurtengoa.
Pozoren arabera, hainbat faktore daude oparotasun horren atzean. Arrazoi horietako bat naturala da: azaleratzea oso ona izan da. Korronteek ur sakonetako elikagai gehiagoko urak azaleratu dituzte, eta, oraingoan behintzat, ekialdeko haizeak ez ditu itsas barreneregi eraman. Ondorioz, antxoaren hilkortasun naturala mugatua izan da.
Eta gauza bera gertatu da hilkortasun artifizialarekin. "Jasangarritasuna arrakastatsua da", esan du Aztiko zuzendariak. Haren ustez, emaitza hauek erakusten dute zenbat balio duten harrapaketa mugatzeko neurriak. Antxoaren arrantza kuota gaur egun 33.000 tonakoa da.
Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat, haien diru sarreren %30-40 etor daitezkeelako espezie horretatik. Leandro Azkuek, ildo horretan, arrantzaleek eurek harrapaketen kudeaketan elkarlanean egiten duten lana azpimarratu du. "Antxoatan aritzen diren ontziak 180 inguru dira eta elkarlana ez da erraza izaten". Eta hala ere, bat egin dute, esaterako, geldialdiak egiten eta antxoa txikiegia ez arrantzatzeko etenaldiak egiten, biomasa ez kaltetzeko eta baita prezioei eusteko ere. Azkuek gogora ekarri du nola antxoaren arrantza etenda egon zen aldia —2005tik 2009. urtera— inflexio puntua izan zela arrantzaleentzat.
Kopuruaz gain, antxoaren tamaina ere garrantzitsua da arrantzaleentzat. Kiloko 30-32-35 aleko tamainako antxoa da kontserberei saltzen dietena, hots, neurri handikoagoa freskoan kontsumitzeko saltzen dena baino —40-45-60 ale kiloko—. Horrek eragina du prezioetan eta aurtengo kanpainan antxoa txikia zela kexu agertu dira arrantzaleak. Bioman kanpainak berretsi du normalean baino handiagoa izan dela urte beteko antxoen ehunekoa, %83koa, aurreko urteetan %70 ingurukoa izan denean. Edonola ere, horrek esan nahi du, aldaketa nabarmenik ez bada gertatzen eta udazkenean jubenilen zenbaketak kopurua berresten baditu, datorren udaberria ale handiagoak arrantzatzeko aukerak gehiago izango dituztela.