arrantza

Antxoaren kostera "hondamendi" izendatzea eskatuko dute kantauriko arrantzaleek

Kantauriko baxurako arrantzaleak Santanderren bildu dira antxoa ezak sortutako krisiari aurre nola egin aztertzeko. Hiru esakera egitea erabaki dute: Kuoten gestioa arrantzaleen esku uztea bata, hondamendia izendatzetu eta arrantzaleei diru laguntzak ematea bestea; eta antxoatarako bi urteko debekualdia ezartzea.

2005eko maiatzaren 14a
15:14
Entzun
Ostegunetik portuan daude Kantauriko baxurako arrantzaleak, protestan. Eta, astelehenera arte behintzat lanari utziko diote. Arrainik ez dagoela salatu nahi dute, Arcachongo Ituna "akabua" dela eta geldialdi biologikoa betearazi behar duela Bruselak, sektorearenak egingo ez badu.

Bileraz bilera dabiltza egunotan. Antxoa eskasia "hondamendia" dela azaldu zioten herenegun Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Juan Jose Ibarretxeri. Gaur, Santanderren, lanuztearekin jarraitu edo ez erabakiko dute, Kantauri aldeko beste kofradiekin batera. Eta Madrilera joango dira asteartean: Arrantza ministro Elena Espinosari eskatuko diote Frantzia estu hartzeko eta hango ontziei kuota zatirik ez emateko.Izan ere, euskal arrantzaleek sekula ez dute sufritu "halako kostera penagarririk", Gipuzkoako kofradien presidente Jaime Tejedorren arabera. "Itsasoa hustu dute batzuen gehiegikeriek eta besteen utzikeriek".

Kosterari ekin ziotenetik, 120 tona besterik ez dituzte harrapatu Kantauri aldeko 200 bat ontziek. Iaz, ordea, 3.000 tonen bueltan genbiltzan maiatzerako, kostera txarra izan bazen ere. Datu are argigarriagoa eman zuen Tejedorrek: "60ko hamarkadaren hondarrean, urtero-urtero 81.000 tona antxoa ekarri ohi zituzten ontziek euskal portuetara, askoz baliabide gutxiago eduki arren".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.