Bost urte pasatu eta gero, Bizkaiko Golkoko antxoa Euskal Herriko arraindegietara iritsi da aurten. Martxoan hasi zuten kostera, eta bart gauerdian bukatu dute, Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Espainiako arrantzaleek zegokien guztia harrapatu baitute: 5.400 tona.
Eugenio Elduaien Gipuzkoako kofradien federazioko presidentearen esanetan, sentipen gazi-gozoarekin bukatu dute kostera. «Pozik gaude, antxoa ondo ikusi dugulako. Lagin onak topatu ditugu, eta espeziea bere onera etortzen ari dela ematen du, oraindik onenean ez dagoen arren».
Baina, kanpainaren bukaeran, bada arrantzaleei kezka eta haserrea eragiten dien konturik: antxoaren prezioa. «Oso merke ibili da, oso gutxi pagatu digute, eta datorren urtera begira zerbait egin beharko dugu hori konpontzen saiatzeko».
Egia da, arrandegietara antxoa iristen hasi zenean, kiloa hamasei eta hemezortzi euroren bueltan saldu zutela, baina azken asteetan hamar euro gutxiagoaren, zazpi eta zortzi euroren bueltan. Elduaienen hitzetan, «azken asteotan, guri euro eta euro eta erdi artean ordaindu digute lonjan, zeharo merke». Haren irudiko, arrazoi multzo baten batura dago horren atzean. «Kanpotik ekartzen duten antxoa, industriaren interesak, krisi ekonomikoa... Azkenean, gu merkatuaren menpe gaude, eta merkatu horren arazoak guk ordaintzen ditugu».
Gero eta hobeto
Aurten ondo ikusi dute antxoa, eta Elduaienek ez du atzera pausorik espero. «Pixkanaka-pixkanaka aurrera egingo du espezieak, eta gure nahia da datorren urtean aurten baino kuota handixeagoa izatea; itxaropen hori dugu». Hori, ordea, biomasaren inguruko azterketek zehaztuko dute. «Han ateratzen diren emaitzak hartu eta formula matematiko bat plaikatuta erabakitzen dute kuota, beraz, oraindik ezinezkoa da ezer jakitea».
Hain zuzen, azken asteetan Azti antxoaren biomasa neurtzen aritu da Bizkaiko Golkoan. Arrautza kanpainaren inguruko txostena datorren hilerako prest izango du, eta, haren emaitzen arabera, datorren urteko uztailera arteko harrapaketa kuotak zehaztuko dituzte datorren hilean, Europako Batasuneko Arrantza Ministroen Batzordean.
Antxoaren kostera sentipen gazi-gozoarekin itxi dute Hegoaldeko arrantzaleek
Gustura daude antxoa ondo ikusi dutelako; kezkatuta, berriz, uste zutena baino gutxiago pagatu dietelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu