Turrun hotsek markatzen dute erritmoa Ondarroan. Portuan zein herrian. Sirena hotsei turrune esaten diote ondarroarrek, eta goizeko zazpietan herriko bazter guztietan entzun dira antxoa iragartzen duten hiru turrun hotsak. Kodea sinple bezain eraginkorra da. Portura sartuko dena atuna bada, turrun hots bakarra joko du; berdela edo txitxarroa bada, turrun bi; eta antxoa datorrenean, hiru turrun. Hirukoa da herriko iratzargailua ia egunero apirilaren erdialdetik ekainaren amaierara bitartean.
Goizeko zortzietan izan da lehenengo enkantea Ondarroako Kalare Deuna kofradian. Arrain saltzaileak goizean goizetik dabiltza kofradia inguruan hara eta hona. Urduri, esperoan. Antxoa onenaren usainean. Banaka-banaka porturatzen hasi dira itsasontziak, eta antxoa lehorreratzen hastearekin batera hurbildu dira erosleak. Kalatxoriak arrain txikiengana hurbiltzen diren gose berberarekin, antxoaren tamaina eta itxura bertatik bertara aztertzeko.
Marinelek antxoa kaxa bat eramaten dute kofradiara, han erosleentzat erakusgai jartzeko. Kofradiako langileek, orduan, kilo batean zenbat antxoa dauden kalkulatzen du pisuan, erosleek arrainaren tamaina jakiteko.
"Arrandegietarako erosten dutenek nahiago dituzte txikiagoak, gozoagoak direlako jateko. Kontserba enpresek, berriz, nahiago handiagoak". Angel Arkotxaren azalpenak dira. Kofradiako enkanteko arduraduna da, eta sakelako telefonoari lotuta bizi da. Eskura du uneoro, eta jo eta jo.
Lehorrerantz datozen patroiek ordu eta erdi lehenago deitzen diote, zenbat kilo antxoarekin datozen eta noiz iritsiko diren abisua emateko. Arkotxak, datuak hartu, eta enkante gelako arbelean jartzen du informazio guztia: zenbat arrainekin datorren ontzi bakoitza eta zer ordutan egingo den bakoitzaren enkantea. "Goizeko zazpietatik iluntzeko bederatziak arte egiten dira enkanteak antxoa sasoian. Bata bestearen atzetik, itsasontziak iritsi ahala".
70 milia ingurura
Goizak aurrera egiten duen neurrian, itsasontziz betetzen ari da kaia. 50 bat inguru ere biltzen dira antxoa sasoian, ia denak kanpotarrak, eta bakarra ondarroarra. Josu Mirena Anakabe lekeitiarra da antxoatan dabilen Ondarroako itsasontzi bakarreko patroia. Ongi Etorri ontzikoa. Portura ez da oso pozik ailegatu. Bezperako goizeko bederatzietan itsasoratu zen hamabost marinelekin, eta hurrengo eguneko goizeko hamaiketan lehorreratu da. Hamalau orduko lana, nahi baino antxoa gutxiagorekin bueltatzeko.
"Itsaso nahasia eduki dugu. 70 miliatara joan behar izan dugu, eta, gainera, prezio makalean ari gara saltzen antxoa", kexu da Anakabe. "Hasi ondo egin zen kanpaina Aste Santuan, eta joan den astean prezio onak ere egin ditu. Baina kiloa 1,70ean saltzen gabiltza, eta prezio horretan zail daukagu gasolioaren gastuak ordaintzeko ere".
Teila gorrietan dabiltza antxoa arrantzatzen. Horrela deitzen diete Ondarroako arrantzale beteranoenek Landetako kalei. Itsasotik lurrera begiratzean arboladiek estalitako etxeen teilatuak baino ikusten ez dituztelako. Ondarroako portutik 60-70 miliatara. Antxoa batez ere Landetatik euskal kostaldera bitartean harrapatzen dela dio Arkotxak, eta horregatik joaten direla Ondarroako portura horrenbeste kanpoko itsasontzi: kantabriarrak, asturiarrak eta, batez ere, galiziarrak.
Arkotxaren esanetan, inguru honetan Ondarroan dago erosle kopururik handiena, eta horrek erakartzen ditu kanpoko ontziak. Egunotan 50 erosle inguru bil daitezke kofradiako enkanteetan, era guztietako erosleak gainera: freskorako erosten dutenak (arrandegietarako), handizkako erosleak (esportatzeko) eta kontserba fabriketakoak.
Txirrinak iragartzen du aldiro-aldiro enkantea. Arkotxa kristalezko leihatila batean sartzen da, eta bertatik gidatzen du salmenta. Bere buruaren gainean dauka ontziaren datuak eta prezio dantza erakusten dituen taula elektronikoa. Aurrean, 50 bat erosle ditu, bakoitza bere aulkian jarrita. Denak atzamarra prest, botoiari eman eta aukeratutako prezioan nahi adina kilo antxoa erosteko. Goitik beherako enkante sistema da: prezioa handitik txikira jaisten joaten da, erosle batek botoia sakatuta gelditzen duen arte. "Lehia handia dago hemen; giroa bero egoten da", ziurtatu du Arkotxak.
Tamainaren garrantzia
Arrantzaleek nahiago izaten dute antxoa handiagoa harrapatu, kontserba fabrikei saltzeko. «Baina oraingoz antxoa txikia harrapatu dugu.Guk handiagoa nahi dugu, kontserbetako hala nahi dituztelako eta arrandegietarako erosten dutenek baino garestiago erosten dutelako», dio Anakabe patroiak.
Marinelek antxoarekin berdelarekin baino diru gehiago egiten dutelakoan dago Arkotxa, baina Anakabe ez dago hain seguru. "Guretzat hegaluzearena da kanpainarik garrantzitsuena, bigarrena antxoarena eta hirugarrena berdelarena. Baina baliteke urte batean berdelarekin diru gehiago irabaztea antxoarekin baino. Inoiz ezin da jakin". Horregatik beragatik, Ongi Etorri-k oraindik ez du amaitu berdelaren kupoa, eta antxoarekin batera, tartean-tartean, berdela ere ekartzen du, irabaziak handitzeko. "Orain berdel gutxi dagoenez, garestiago saldu daiteke", patroiaren esanetan.
Portuan ia denak datoz bat antxoaren kanpainak hasiera ona izan duela. Orain arte 4.000 tona harrapatu dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kiloa batez beste 1,72 euroan saldu dute. Jaurlaritzak hasiera ontzat jo du, "prezioa egokituko den esperantzan". Halere, goizegi da oraindik ondorioak atera eta iragarpenak egiteko. Itsasoko kontuez inoiz ez dago ezer aurrez jakiterik, marinelen esanetan. "Gezurretan aritu nahi baduzu, egin berba itsasoari buruz", dio Anakabek irribarrez, berriro itsasoratzeko prestatzen ari dela.