Antxoarik ez beste urtebetez

ICESen txostenean oinarrituta, espeziearen biomasa oraindik txikiegia dela erabaki du Europako Batzordeak

Miren Garate.
Donostia
2009ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Espero zen erabakia hartu du Europako Batzordeak: Bizkaiko Golkoan antxoa harrapatzea galarazi du gutxienez urte amaierara bitartean, eta neurria hurrengo uztailera arte mantentzeko aholkua eman. Kostera baimentzeko behar adina biomasarik ez dagoela dio, eta datu berriak izan artean debekua mantentzea dela egokiena.

Aurreko urteetan bezala, ICES Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak egindako txostenean oinarritu da Brusela erabakia hartzeko. 24.000 tonan dago finkatuta arrantza baimentzeko gutxieneko kopurua. ICESek, ordea, 21.270 tona soilik zenbatu ditu. Beraz, espeziea errekuperatzen ari dela uste izan arren, oraindik kostera itxita mantentzea ebatzi du.

2010eko udaberrian egingo du hurrengo txostena nazioarteko erakundeak. Hala, ziurrenik, datorren uztailera arte egongo da indarrean debekua. Dena den, badago aukera txiki bat arrantza lehenago baimentzeko. Europako Batzordeakurte amaierara bitartean soilik luza dezake debekua. Orduan, 27 herrialdeetako Arrantza ministroek berretsi beharko dute neurriak indarrean segitzea.

Erabakiaren berri jakin bezain laster, ez daudela ados esan zuten euskal arrantzaleek. «Ulertzen dugu zientzialariek debekuaren alde egitea arreta neurri gisa; noski, hoberena arrantza guztia debekatzea izango litzateke. Baina guk nondik bizi behar dugu?», galdetu zuen Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak Euskadi Irratian.

Haren esanetan, egia da antxoa ez dagoela inoizko egoerarik onenean, baina beste espezie batzuk ere antzera daude. Haien arrantza, ordea, ez da debekatzen. «Kudeaketa planak dituzte, eta horien bidez arrantzaleek hor jarraitzen dute. Guk gauza bera eskatzen dugu, modu kontrolatuan, kudeaketa plan batekin, arrantza irekitzea».

Espeziea arriskuan jartzea arrantzaleei beraiei interesatzen zaiela gutxien dio Garmendiak. «Itsasora ateraz gero, eta ikusiz gero antxoa ez dagoela egoera onean, geu izango ginateke aurrenak portura joaten. Lehen ere hori egin genuen». Horregatik, arrantzaleen desio bakarra itsasora atera eta egoera zein den ikustea dela azaldu du. Eta beren iritzia ere errespetatzeko eskatu du. «Zientzialariek esaten dutena garrantzitsua da, baina arrantzaleek ere ezagutza handia dute itsasoari buruz».

Bestelako hitzak egin ditu Elena Espinosak, Espainiako Arrantza ministroak.«Gure jarrera beti zientzialariek esandakoa errespetatzea izan da. Okerra litzateke debekatzeko aholkua eman ostean, arrantza baimentzea». Arrantzaleei diru laguntzak ematen jarraituko dutela agindu du, «haiek ez dutelako gertatzen ari denaren errurik».

Halaber, beharrezkotzat jo du espeziea zergatik ari den hain gutxi ugaltzean aztertzea. «Lau urtean arrantza erabat debekatuta egon bada ere, oso gutxi hobetu dira kopuruak. Zer ari den gertatzen jakin behar dugu, eta horren araberako neurriak hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.