Europa osoan milaka langile atera zituen kalera Maiatzaren Lehenak. Beste garai batzuetako ospakizun girotik urrun, ekonomiaren gainbeherari buruzko kezka eta atzeraldiaren itzala nabaritu ziren, eta, batez ere, austeritate politika gogorren eta gastu publikoaren murrizketen aurkako aldarriak izan ziren mobilizazio jendetsuak. Haserrea nagusi izan zen arren, istilu gutxirekin igaro zen eguna. Datozen igandeko hauteskundeak gertu direla ere nabaritu da Grezian eta Frantzian.
Maiatzaren Leheneko manifestazio ugariei Grezian hiriko eta itsasoko garraioetako sektoreen lanuzteak gehitu zitzaizkien atzo. Atenas hiriburuan sindikatu nagusiek iragarritako manifestazioak 5.000 lagun bildu zituen, EBk erreskatearen truke inposatutako baldintzen eta koalizio gobernuaren aurka. Liskar nagusiak Exarchia auzoan jazo ziren, anarkisten eta polizien artean.
PASOKeko sozialdemokraten eta Nea Dimokratiako kontserbadoreen arteko aliantzak proba erabakigarria du igandeko bozetan. Gaur egun, legebiltzarraren %80 kontrolatzen dute, nahikoa erreskatearen truke izenpetutako programa aurrera ateratzeko. Haatik, azken inkesten arabera, babes hori %50era jaits liteke hauteskundeetan.
Herritarren haserrea beste alderdi batzuen igoeran islatuko litzateke. Ezkerreko alderdien artean, komunistek edozein akordio errefusatu dute. Sei hilabete greban daramatzaten ontzioletako langileei elkartasuna adierazteko, manifestazioa egin zuen Alderdi Komunistak atzo. Eskuin muturreko alderdi nagusiak ere legebiltzarrean sartzeko aukera du, inkesten arabera.
Ezkerreko sindikatuak eta eskuineko politikariak nor baino nor aritu ziren Frantzian, ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoz. Jarraitzaileak Eiffel dorretik hurbil elkartu zituen Nicolas Sarkozy presidenteak. Sindikatuei errieta egiteko baliatu zuen tribuna. «Utz ezazue bandera gorria, eta horren ordez har ezazue Frantziakoa», esan zien. Lehentasuna alderdiei eman behar zaiela defendatu zuen, gainera.
Sindikatu nagusien manifestazioa, berriz, Bastille plazaraino egin zen, Nazioarteko elkartasunaren eta aurrerapen sozialaren alde leloarekin. CGT, CFDT, FSU eta Unsa sindikatuen arabera, 250.000 lagun izan ziren, eta poliziak kopuru hori 48.000 lagunera murriztu zuen. Manifestari askok Sarkozyren porrotaren alde oihu egin zuten.
Mobilizazioen alde, Madrilen
Gobernuaren erabakien aurka mobilizatzen jarraituko dutela ziurtatu zuten Espainiako sindikatu nagusiek, UGTk eta CCOOk, Madrilen egindako ekitaldi nagusian. Lan erreformaren aurka eta zerbitzu publikoetan egindako murrizketak salatu zituzten, batez ere. Candido Mendez UGTko idazkariaren irudiko, PPk «eskuin muturretik» jo du, politika «ultraliberala» ezarri du lan merkatuan eta «ultrakontserbadorea» gizarte eskubideetan.
Herrialde Katalanetan ere aspaldiko Maiatzaren Lehen jendetsuena egitea lortu zuten sindikatuek, Mariano Raxoiren eta Artur Masen gobernuek erabaki dituzten murrizketei kontra egiteko. EBZk Bartzelonan egingo duen goi bileraren atarian, inbertsio publikoa eta pizgarriak eskatu zituzten sindikatuetako arduradunek.
Espainian izandako kezka nagusiak Italian errepikatu ziren. Sindikatu handienek —CGIL, CISL, eta UILk— manifestazio bateratua egin zuten Rieti hirian, Erroma hiriburutik ehun kilometrora. Herrialdeak dituen arazo ekonomikoen ikurra da Rieti. Langabezia %30era iritsi da, eta enpresa esanguratsu batzuk desagertu dira. Mario Monti lehen ministroak norabide politikoa aldatzea nahi dute sindikatuek. Esaterako, langileei zergak murrizteko eta hazkundeari berriro heltzeko neurriak martxan jartzeko eskatu zuten langileek.
Gobernuko ordezkari eta ministroak, berriz, lanean egindako merituak aitortzeko domina banaketa tradizionalean aritu ziren. Elsa Fornaro Lan ministroak aitortu zuen ez dela «Maiatzaren Lehen polita», enplegu faltaren ondorioz. Orain dela hilabete batzuk malkotan aritu zen Fornaro, gobernuak egingo zituen murrizketak iragartzeko agerraldi hunkigarri batean.
Portugalen, langileen egunak bi sindikatu nagusien arteko dibortzioa egiaztatu zuen. CGTP eta UGT sindikatuaren arteko harremanak gaiztotu egin dira, UGTk Pedro Passos Coelhoren gobernuaren lan erreformari baiezkoa eman ondoren. Milaka lagun izan ziren sindikatu bakoitzak bere kabuz antolatutako manifestazioetan. Zentro-eskuineko gobernutik langabeziak gora egiten jarraituko duela aurreratu zuen.
Merkeli oharra etxean
Austeritatearen aurkako kritika oldea Alemaniaraino iritsi zen atzo. DGB sindikatuen konfederazio boteretsuak zalantzan jarri zuen Angela Merkel kantzilerraren jarduna. «Jendea ez da bizi izan ahal zuenaren gainetik, elite diruzaleak aritu dira estatuak arpilatzen, eta hori egiten jarraitu nahi dute», ohartarazi zuen Manfred Sommer DGBko presidenteak. Zorpetzeari aurre egiteko aukera sozial bakarra aberatsei zergak igotzea dela defendatu zuen, eta negoziazio kolektiboan soldata baxuen aurkako borroka iragarri zuen: «8,5 euro orduko; hortik ez gara jaitsiko». Alemaniako hainbat hiritan NPD alderdi neonaziak antolatu zituen mobilizazioei aurre egin zieten ezkerreko manifestariek.
Europa osoan, agintarien eta langileen arteko sintonia falta errepikatu zen, salbuespen eskas batzuk izan ziren arren. Nagusiena Mosku izan zen. Errusiako hiriburuan, hurrengo presidente Vladimir Putinek eta hurrengo lehen ministro Dmitri Medvedevek parte hartu zuten Sindikatu Independenteen Federazioak antolatu zuen manifestazioan. Maiatzaren Lehena Putin eta Medvedev loriatzeko baliatu zuten manifestariek.
Maiatzaren Lehena. Mundua
Antzeko haserrea
Austeritatearen eta murrizketa sozialen aurkako aldarriak nagusitu dira Europa osoan egindako manifestazioetanHauteskunde garrantzitsuak hurbil daudela nabaritu da Grezian eta Frantzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu