Aparteko ordainsaria jasoko dute pentsiodunek urtarrilean

Batez beste, 145 euro inguruko ordaina izango du bakoitzak; horretaz gain, %1,3 igoko dira pentsio guztiak datorren urteanPentsioen igoera %1eko inflazioarekin kalkulatu zen, baina %2,3koa izan da

Miren Garate.
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua ez zen trebe ibili inflazioaren aurreikuspenak egiteko orduan. Aurten, %1ekoa izango zela uste zuen, eta kopuru horretan igo zituen pentsioak ere. INE estatistika erakundeak emandako datuen arabera, ordea, %2,3 garestitu da bizimodua. Galdutako erosahalmenena bi modutara berreskuratuko dute pentsionistek. Alde batetik, aparteko ordain bat jasoko dute urtarrilaren 20an. Horretaz aparte, pentsio guztiak %1,3 igoko dira datorren urtean.

2.659,32 milioi euroko kostua izango du inflazioaren zuzenketak. 1.429,42 milioi euro erabiliko dira %1,3ko igoera horretarako, eta 1.229,42 milioi urtarrileko aparteko ordainerako. Hego Euskal Herrikoak kontuan hartuta, 8,5 milioi pentsiodun daude; beraz, batez beste, 145 euro inguru jasoko ditu bakoitzak.

Espainiako Gobernuak datorren urteko aurrekontuetan pentsioak izoztea erabaki duenez, askorentzat inflazioaren zuzenketa izango da igoera bakarra. Hain zuzen, gutxieneko ordainak dituztenei soilik igoko diete hileroko kuota: %1. Euren kargura ezkontiderik ez duten erretiratuek eta alargunek jasotzen dute diru gutxien. Gutxienez, 601,40 euroko saria izango dute datorren urtean. Pentsioen goiko muga, berriz, 2.472 euroan finkatu du Espainiako Gobernuak.

Urtero metodo berbera erabiltzen da pentsioak kalkulatzeko. Inflazioaren aurreikuspen bat egiten da urtea hasi aurretik, eta horren arabera erabakitzen da zenbat igo. Ondoren, salneurriak aurrez espero baino gehiago garestituz gero, falta dena itzultzen zaie pentsiodunei. Azarotik azarora arteko datuak hartzen dira kontuan kalkuluak egiteko. Aurten iragarpenak behetik ibili badira ere, iaz alderantziz gertatu zen. Inflazioa %0,3koa izan zen, eta %2 igotzea espero zuen. Urtarrileko ordainsaririk ez zuten izan pentsiodunek, baina erosahalmena hobetu zuten.

Inflazioa, %2,3an

Espainiako datuez gain, Hego Euskal Herrikoak ere eman zituen atzoINEk. Urtebetean,%2,3 garestitu da bizimodua. Lau herrialdeetan egin dute gora salneurriek: gehien, Araban, %2,4; Bizkaian, %2,3; eta Gipuzkoan eta Nafarroan %2,1.

Produktuka, tabakoa, elektrizitate, gas eta gainerako erregaiak eta ibilgailuekin lotutako materialak garestitu dira gehien: %10 inguru. Kontrako muturrean, gehien merkatu diren produktuen artean, antolatutako bidaiak eta ikus-entzunezko materialak daude: %5 gutxiago balio dute.

Urtebetean ez ezik, hilabetean ere garestitu dira produktuak: %0,9 Nafarroan, %0,6 Bizkaian, %0,5 Araban eta %0,2 Gipuzkoan. Arropek, oinetakoek eta garraioek eragin dute, neurri batean, KPIaren igoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.