Martxan dago jadanik errenta eta ondare zergen kanpaina Araban. Foru aldundiak prozesua aurreratzea erabaki du, eta joan den astelehenean hasi ziren zergapekoei bidaltzen aurrez prestatutako aitorpenak. Ekainaren 25era arte zabalik egongo da aitorpenak aurkezteko epea.
Araban 175.000 errenta aitorpen egingo dira aurten. Aldundiak 120.000 errenta aitorpen egin ditu aurrez eta haiek bidaliko dizkie etxera zergapekoei. Egindako kalkuluarekin ados egonez gero, telefono edo Internet bidez baieztatu, eta, ogasunak dirua itzuli behar duen kasuetan, 48 ordu baino lehen kobratuko du zergapekoak.
Igorritako aitorpena onartzeko epea martxoaren 30ean irekiko da, eta lehenbiziko ordainketak apirilaren 1erako egingo dituela agindu du ogasunak.
Etxera bidalitako dokumentaziotik aparte, aukera egongo da aitorpena foru aldundiko bulegoetan edo finantza erakundeen bidez egiteko. Apirilaren 20tik aurrera hasiko da aldundia horiek egiten. Aldez aurretik hitzordua izatea ezinbestekoa da, eta dagoeneko hori eskatzeko aukera dago. Finantza erakunde edo bestelako lankidetza entitateen bidez egin nahi dutenek, berriz, apirilaren 27tik aurrera egin ahalko dute.
Ordainketa, bi partetan
Dirua jaso beharrean ogasunari dirua ordaindu behar dutenentzat bestelako epeak daude. Hala, ordainketa ez da ekainaren 25a baino lehen egingo, eta aukera dute bi partetan zatitzeko. Lehenbiziko itzulketa, diruaren %60, udan egingo litzateke, eta bigarrena, %40, azaroa-abendua aldean.
Errenta kanpaina osoan Arabako zergapekoei 133 milioi bueltatzea aurreikusi du aldundiak. Batez beste, 1.047 euro aitorpen bakoitzeko. Aurreko kanpainan baino 11 milioi izango lirateke. EAJk, PSEk, eta PPk zerga presioa igotzeko hartu zuten erabakiaren ondorio da, Aitor Uribesalgo Ogasun ahaldunaren arabera. Aldiz, ogasunak 52 milioi inguru kobratzea espero du, 1.321 euro zergapeko bakoitzeko.
Errentarekin batera, ondare aitorpenak egiteko prozesua zabaldu du aldundiak. Aurreko urteko emaitzen antzekoak espero ditu. Araban 1.640 aitorpen egin beharko direla kalkulatu dute, joan den urtean baino %4 gehiago.