Ekonomia

Apirilean %1,4koa izan da inflazioa

Martxotik apirilera bitartean, puntu bat jaitsi da prezioen urte arteko bilakaera erakusten duen indizea.

Miren Garate.
2013ko maiatzaren 14a
19:19
Entzun

Martxotik apirilera bitartean garestitu egin dira prezioak, %0,4. Urte arteko inflazioa ere %1,4koa izan da Hego Euskal Herrian. Alabaina, prezioen jaitsiera bat ere nabaritu daiteke. Izan ere, martxotik apirilera bitartean puntu portzentual bat jaitsi da inflazioa. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, argindarraren merkatzeak eta erregaien salneurriak eragin dute, neurri batean, jaitsiera. Gogoratu behar da tarifa arautua duten bezeroek, hamar familiatik zortzik, %6,6 gutxiago ordaindu beharko dutela argindarra apirilaren hasieraz geroztik. Gutxienez hiru hilabetean iraungo du jaitsiera horrek, orduan berriro berrikusiko baita tarifa.

Urtebetean gehien garestitu diren produktuen artean, sendagaiak daude. Nafarroan, esaterako, iaz baino %25 garestiago daude, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %9 garestiago. Irakaskuntza ere joan den urtean baino %11 gehiago ordaindu behar da Nafarroan, eta %,3,2 gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aisialdi, kultura eta kirol zerbitzuek ere gorakada izan dute prezioetan. Urtebetean gehien merkatu diren produktuen artean, berriz, ikus-entzunezko, argazkilaritza eta informatika arlokoak daude, ia %9ko jaitsierarekin. Etxebizitzen salmenta prezioen bilakaera ez da biltzen inflazioaren datuetan, bai, ordea, alokairuarenak. Nahiko egonkor mantendu da iaztik.

INEk jakitera eman duenez, zergen igoerak kontuan hartu gabe, prezioak %0,6 inguru merkatu dira azken urtebetean. Hain zuzen, botiken berrordainketa, BEZa eta unibertsitate tasen garestitzea izan dira inflazioaren erantzule nagusiak. Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, salneurriek gutxitzen jarraituko dute datozen hilabeteetan ere. Hala, urtea amaitzerako inflazioa %1 ingurukoa izango dela esan du Fernando Jimenez Latorre Ekonomia estatu idazkariak. "Prezioen gutxitzeak, eta soldatetan espero denak, lehiakortasuna hobetzea eragingo du, eta horrek mesede egingo die esportazioei nahiz atzerriko inbertsioei".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.