Komunikazioaren eta teknologia berrien esparruan munduko enpresa indartsuenetakoa da Apple, eta buruzagitza aldatuko du laster: kontseilari-ordezkari kargua utziko duela iragarri du Steve Jobs proiektuaren aitak, eta Tim Cook proposatu du kargurako, egungo operazio burua eta, funtsean, azken hilabeteetan enpresa gidatu duena. Jobsek pankreako minbizia du, eta eritasun baimenarekin zegoen urtarriletik. Esan bezala, Cookek hartu ditu bere gain hilabeteotan enpresako ardura nagusiak.
"Beti esan izan dut Appleko kontseilari ordezkariaren funtzioak bete ezingo nituen egun bat iritsiko balitz zuzenean esango nizuela. Zoritxarrez, egun hori iritsi da", dio Appleren jarraitzaileei idatzitako gutunean. Nolanahi ere, presidente karguan jarraituko duela zehaztu du, eta enpresaren egunik onenak oraindik ez direla iritsi nabarmendu.
Appleren irudia eta Jobsena berarena oso lotuta egon dira beti. Komunikazioaren eta teknologia berrien arlora berrikuntza handietakoak ekarri dituzte azken urteetan; iPhoneak eta tabletak, esaterako.