Errudun bila izendatu zuen Anjel Lertxundik 2010eko iraileko bere Hitz Beste bat egunkari honetan. Kontatzen zuen Erdi Aroan jendeak ez zekiela bakterio batek eragiten zuela izurrite beltza, "eta gaitzaren arrazoia ez beste guztia jo zuten madarikazioaren errudun: juduak, emakumeak, itsuak, ilegorriak, herrenak, totelak, korkoxak...". Adibidea garaiotara ekarri zuen Lertxundik: "Krisiaren kausa ez beste guztia jotzen ari gara errudun: langileak eta langabeak, jubilatuak, ijitoak, atzerritarrak, ahulenak, indargabeenak". Erdi Arokoek ez bezala, guk krisiaren kausak ondo ezagutzen ditugula azaltzen zuen, "baina espekulazioa, ustelkeria eta ekonomia beltza krisia gertatu aurretik baino harroxkoago daude", gaineratzen zuen. "Nola ez dira ba harrotuko, ikusirik ijitoak, ezinduak, ahulenak jasotzen hasita daudela beren zigor ondo merezia".
Harrotuta daude, bai, eta horretan zerikusia izango du errudunen bila osaturiko diskurtsoak jendearen artean arrakasta duela ikusteak. Azkenean, zenbateraino ez dizkigute kausak lausotu, erantzukizunak ezabatu; errudunak eurek izendatzen dituztenean, bereizketa eta bazterketa eragin eta beldurra zabaldu dutenean. Gaitzarekin, krisiarekin, kutsatuak ez izateko bide egokia ere, beste guztiok bete beharrekoa, haiek omen dakite.
Kezka guztientzako erantzunak dituen diskurtsoa da gainera, protesta baikotzerako iruzurrezko erantzun aproposen katalogo zabala duena. Sotilagoak, gordinagoak, egia zati bat dutenak... Herritarroi murrizketen salda irensten laguntzeko ogi zopa egoki-egokiak.
Krisia ari du
Hala, hainbat agintari, enpresaburu eta bankariri entzunda, badirudi krisia natur fenomeno bat dela. Hots, ez duela eragilerik, ez dela inoren kabuz etorri. Krisiari buruz idatzitako lerro eta egindako adierazpen guztietatik zenbatek aipatzen ditu haren egiazko eragileak? Baina, beno, kausaren bat nahi baduzu, badugu bat katalogoan. 2008an krisiaren hastapeneko lehen kolpearen ostean, erantzuleen bila hasi zen jendeari bazka hori eman zitzaion: "Merkatuak izan dira". John K. Galbraith ekonomistak aspaldi azaldu zuen moduan, merkatu sistema izenaren atzean iruzur handi bat dago, kontsumitzaileari gezurrezko burujabetasuna onartuz ekonomiaren eragileak, garai bateko kapitalisten gisakoak, merkatu izenpean ezkutatzen dituena.
Gure aukeren gainetik bizi izan gara
Merkatuena zaila dela irensteko? Ea honekin: ”Azken urte hauetan guztietan gure aukeren gainetik bizi izan gara; bizi izan zarete”. Etxeak, autoak, bidaiak... Gehiegi jan dugu, gizenegi gaude eta orain gerrikoa estutzeko garaia da. Alegiako txitxarrak egin bezala jokatu dugu, eta merezita daukagu negu gorrian aterperik ez izatea. Jakina, norberak nahiago du bere burua inurri gisa ikusi negu hotz honetan; txitxarra... beste hura izan da. ”Diskurtso hori ikusten da jendearengan, kalean. Kezkagarria da jendeak nola barneratu duen gezurrezko kontakizun hori, adibidez, etxegabetzeekin gertatzen ari denaren aurrean”, egin du gogoeta Nekane Jurado ekonomistak.
Orduan, herritarrak kontsumitzaile bihurtu ziren urte haietan, kreditu eskaintzak postaz etxeraino iristen ziren garai haietan, hipoteka bat sinatu zutenek euren aukeren gainetik bizi nahi izan zuten? ”Aukeren gainetik ez, kreditu baten menpe bizitzea beste aukerarik ez zuten”, dio Aitor Bengoetxea Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko EHUko irakasleak. ”Egoerak bultzatuta jokatu zuen horrela jendeak, sistemak bideratuta”. Eta hor atzean segada ederra ezkutatzen zen, Juradok azaltzen duen bezala: ”Gutxi, baina ordainduko dizut, zorpetu zaitezen eta gero mailegua interesekin itzul diezadazun. Eta oinarrizko gauzak edukitzeko, zorpetu egin behar zuen jendeak. Jateko beharbada ez, baina bai etxea erosteko, autoa erosteko”.
”Luxua al da etxebizitza bat edukitzea? Luxua al da auto bat edukitzea, lanpostu askotan hori baldintzatzat jartzen dutenean?”, galdetu du Juan Carlos Becerra Berri Otxoak gizarte eskubideen plataformako kideak. ”Gure aukeren gainetik bizi izan garela. Mito asko daude horren inguruan”, dio. ”Jendeak kredituak eskatzen omen zituen oporretara joateko. Kondaira urbano bat da hori. Nik ez dut ezagutzen hori egin duen inor. Zuk bai? Jendea egoeraren errudun bihurtu nahi dute”.
Argi dago etxebizitzarekin gertatutakoa giltzarria dela egungo egoera behar bezala interpretatzeko. Becerrak argi dauka: ”Etxebizitzarekin negozioa egin da, espekulatu egin da”. Eta etxebizitza politika egokiaren faltak erraztu egin du horretarako bidea, eta patrika batzuk bete eta besteak hipotekekin zulatu.
”Egon zitekeen beste etxebizitza politika bat”, dio Bengoetxeak, ”oinarrizko beharra den heinean, etxebizitza espekulaziorako objektu bat izatea eragotziko zuena”. Arazo honetan zaharrak berri direla dio Zuzenbide irakasleak, eta gogora ekarri du ongizate estatuaren oinarriak ezarri zituen William Beveridgek Erresuma Batuko parlamentuan 1942an aurkeztutako txostena: ”Gizartearen bost mamu handiak eta estatuak haiei aurre egiteko moduak aurkeztu zituen. Gaixotasuna zen lehena, eta osasun politikak konponbidea; ezjakintasuna hurrena, eta hezkuntza politikak erantzuna; miseria zen hirugarren mamua, eta etxebizitza politikak egitea zen estatuak horri erantzuteko zuen modua; nagikeriari enplegu osoarekin egingo zitzaion aurre; eta jendearen beharrizan ekonomikoei, diru sarrerak bermatuta. Konstituzioek gure eredua gizarte estatua dela esaten badute eta ekonomikoki ongizate estatua garela... Koherenteak izan beharko genuke. Funtsean, hor hautu politiko bat dago”.
Langabeek nahiago dute lanik ez egin
Gordinegia horrela esatea? Badaude mezu horren aldaera samurragoak, irensgarriagoak. Baina biluzita hobeto ulertzen dira, eta Joan Rosell CEOEko presidentea oso lagungarri da horretarako. 2011ko uztailean ekitaldi publiko batean esan zuen: ”Langabezian arrazoirik gabe izena ematen duenari ezetz esan beharko zaio. Euren burua formatu beharko dute. Bukatu da ezer ez egitearena”. Iazko otsailean soka berari heldu zion, eta langabeei lana bilatzen langabezia saria amaitzen ari zaienean hastea leporatu. ”Langabezia saria amaitzeko hilabete bat edo bi gelditzen zaienean, mirakuluz lana aurkitzen dute”, zioen Rosellek, eta ohartarazi zuen langabezia sarietarako eta pentsioetarako ”dirua ez dela mugagabea”.
”Langabeei bota nahi zaie euren egoeraren errua”, dio Juan Carlos Becerrak, eta haren ustez, Lanbidek ere bide hori hartu du enplegagarritasunaren kontzeptuarekin. ”Errua zurea da, ez duzulako lan bizitzan ibilbide egokia egin, ez dituzulako ikasketa egokiak egin... Zein bide egoki? Gaur egun eskuragarri diren lanpostu bakarrak saltoki handikoetako kutxetakoak edo garbiketarako direnean?”.
Krisiaren hasieran, Nekane Juradoren ustez, egon zen langabezian sartzea lasai hartu zuenik eta ”hainbat urtez lanean egon ondoren langabezia saria arnasa hartzeko edo ikasten hasteko baliatu zuena”. Baina orain, krisiaren beltzak dena hartu duenean, langabeak ”lanpostua galdu bezain pronto hasi dira larritzen”. Eta lehenago ere, izan ere, erruduntasun mezu horien gainetik errealitatea egoskorra da: ez dago lanposturik. ”Langabe guztiak batera joango balira enplegu bulegora eta baldintza guztiak onartuko balituzkete, zer egingo litzateke haiekin guztiekin?”, galdetu du Juradok. ”230.000 langabe daude Euskal Herrian, guztiek nahiago dute saritik bizi edo laguntzetatik bizi?”, galdetu du Berri Otxoak-eko kideak, eta gogoratu du egoera horretan dagoenak ez duela ere erretiroa izateko kotizatzen.
Bengoetxeak ongi deritzo langabezia sistema batek langabeari baldintza batzuk jartzeari lanak onartzera bultzatzeko, ”baina arazoa beste bat da: eskaintzen diren lanpostuak, azken urteetan lan baldintzak nabarmen okertu direlako. Lanpostu duin bat soilik izan behar da onargarria”. Zuzenbide irakaslearen ustez, ”iruzurra egongo da, eta horren aurka egin behar da, zerga iruzurraren aurka egin behar den moduan. Baina horrek ez gaitu nahasi behar; horiek ondorioak dira, eta hemen eredua jarri behar da auzitan. Sistema erabat itota dago, eta ez da ekonomista izan behar ohartzeko austeritate planak suizidio hutsa direla eta neurri handitzat aurkezten direnak adabaki eskasak direla. Zertarako autonomo gazteei kotizazioa txikitu inolako jardun ekonomikorik ikusten ez denean?”.
Benetan lan egin nahi duenak topatzen du lana
Lana izateak gauzak konponduko balitu... Lanbidera laguntza eske jotzen dutenen artean, gainera, langabeak gutxiengoa dira, Becerrak azaldu duenez. ”%40 inguru pentsiodunak dira, senarraren pentsioaren %52rekin gelditu diren alargunak asko. Eta %35 lana daukan jendea da”. Langile txiroak dira, ”Ikean 500-600 euroren truke lan egiten dutenak”, azaldu du Becerrak. Langile txiroen kontzeptua Europako Batasunean 2000. urtean hasi zela erabiltzen azaldu du Nekane Juradok. Egun osoko lanpostu bat izanda ere soldatarekin pobreziaren mugaren azpitik daudenak dira langile txiroak, ”eta orain bi urte, pobreziaren muga 1.080 euroko diru sarreretan zegoen Euskal Herrian”.
Gutxieneko soldata 645 eurokoa da egun Hego Euskal Herrian. ”Orain gutxi, eurotaldeko buruzagitza uztera zihoan Jean Claude Junckerrek Europako gutxieneko soldata bat proposatu zuen... bere agur hitzaldian! Eta zergatik ez du egin orain arte? Zalantzarik gabe, sekulako aurrerapauso kualitatiboa izango litzateke”, adierazi du Bengoetxeak. Europako Batasunarekin oso kritikoa da irakaslea. Angela Merkel buru dela oihanaren legera eraman nahi gaituztela dio. ”Hemen Lan Zuzenbidean aztertu ditugu askatasun ekonomikoek, pertsonen, kapitalen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazio askatasunek, gizarte eskubideekin talka egiten duteneko kasuak, eta beti askatasun ekonomikoek irabazten dute. Ikuspegi juridikotik begiratuta, horrek ez gintuzke harritu behar, Europako Batasunaren araudian askatasun horiek lehentasuna dutelako eta gizarte eskubideak bigarren mailan daudelako. Jakina, hori ez da horren argi esaten, baina teknikoki hala da. Europako Batasuna deslokalizazioa eta lan baldintzen murrizketa sustatzen ari da. Eta Espainiarentzako Europaren errezeta lan baldintzen merkatzea da”.
”Ikusten dut Bilbo ezkerraldeko jende nagusiak bere egiten duela lanpostuen diskurtso hori. Jakina, industria handian lan egindakoak dira eta ez dira Ikeako baldintzez jabetzen, ez dira konturatzen gauzak aldatu direla”, azpimarratu du Juan Carlos Becerrak, eta adibide argi bat jarri du: ”Aita langabezian egon zen urte askotan; ama garbitzailea zen, eta ni jaio nintzen. Hala ere, 12 urtean etxea ordaindu zuten. Esadazu orain 600 euroko soldata batekin noraino iritsiko ziren”.
Guztiok pairatzen dugu krisia
”Hau ez da batere erraza izango; sakrifizio ugari kostako zaigu, zerga gehiago ordaindu eta zerbitzu gutxiago izan, baina horrelakoa da bizitza. Bizitza ez da erraza”, Joan Rosell CEOEko presidentearen beste adierazpen bat da aurrekoa. Pixka bat atzera egin eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esandakoak ekartzen ditu gogora: ”Zapateroren erreforma Espainiako erdiko klasearen kontra doa, eta hori da krisitik irten behar duena, espainiarron gehiengoa garen horiek”. Aberatsek ere negar egiten dute orduan... Baina, ba al dago, bada, aberatsik? David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadoreak behin esan zuenez... ez dago aberatsik: ”Guztiok gara erdiko klasekoak”.
Cospedaldek oraindik ere pentsatuko du erdi klasekoa dela. Ez da bakarra, Berri Otxoak-eko Becerrak azaldu duenez: ”Adibidez, hemen, Bilbo ezkerraldean, jende nagusiak badu klase nortasuna, langile klaseko izatearen kontzientzia ezkertiarra. Eta haien seme-alabek, askoz ere baldintza kaskarragoak dituztenek, erdi klasekoak direla uste dute”.
Datuek, ordea, erakusten dute tartaren banaketan gutxi batzuei tokatzen zaizkiela zatirik handienak eta gehien-gehienei, apur eskasak, Nekane Juradok aipatu moduan: ”BPG egonkortuarekin, Hego Euskal Herriko per capita errenta 34.000 euro ingurukoa da. Per capita, hots, bikote batek urtean 68.000 euroko diru sarrerak lituzke, eta haur bat izanez gero, 102.000 euro; hori da batez bestekoa. Orduan, esadazu, zein bikotek irabazten duen hori. Horrek guztiak esan nahi du badagoela diru asko duen jendea, are gehiago pentsioak eta gutxieneko soldatak miseriazkoak direnean. Euskal Herrian oso errenta handiak daude: administrazio kontseiluetako jendearenak, goi kargudunenak... Horiek krisia pairatu ez, gehiago aberastu dira, gainera. Aberatsago dira orain, langileek soldatak merkatu, langile taldea murriztu eta etekinei eusten ari direnean. Ez da kapitalismoa krisian dagoena; alderantziz, elementu metatzaile basati gisa kapitalismoa indartzen ari da”. Horiek horrela, aste honetan Iñigo Lamarca arartekoak emandako datuek diote 15 urte azpiko 35.000 haur baino gehiago oinarrizko beharrak ez asetzeko arriskuan diren etxebizitzetan bizi direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2008tik hona, pobrezia larria paira dezaketen umeen kopurua %77 hazi da herrialde horietan.
Kapitalismoa itzal gabe
”Oihanaren legean, beti irabazten du lehoiak”, dio Aitor Bengoetxeak. Ildo horretan, hautu politikoaren ideia azpimarratu du Zuzenbide irakasleak. ”Ongizate estatua nahi dugu ala oihanaren legea? Hautu bat da gizarte estatuaren aldekoa, guztion elkartasunaren aldekoa, inor gutxienekoaren azpitik bizitzen utzi gabe. Horren alde egin zen II. Mundu Gerraren ondoren. Europa zegoen moduan zegoelako eta hori zelako aurrera egiteko modu bakarra. Jakina, hor ez da ahaztu behar Sobiet Batasunaren itzal luzea. Itzal luze eta beldurgarri hori zegoenean, tarta banatu egin zen. Eta orain kapitalismoak itzalik ez duenean, tarta modu erabat desorekatuan banatzen ari da”.
Nekane Juradok ere Sobiet Batasunaren itzala aipatu du. ”Itzal horren aurrean agintarien klaseak ituna egin zuen, ongizate estatua ekarri zuena. Neurri batean, aberastasuna banatu eta langile klaseak konforme izateko. Baina etsaia desagertu zenean, berehala hasi ziren ongizate estatu hori nola eraitsi diseinatzen. Aldiro-aldiro, pribatizazioak, lan erreformak eta osasun sistemako eta erretiroetako murrizketak etorri dira. Eta 2007ko finantza krisiarekin ikusi dute bankuei dirutza eman arren ez dela kezkatzeko moduko protesta eta erantzunik izan, psikologikoki irabazita, gizartea lokarrarazita zeukatela zabor kontsumoarekin. Baina gertatzen ari dena gerra bat da, klase gerra bat; goikoen gerra behekoen aurka, eta horretara dator nagusitzen ari den kontakizuna”.
Aitor Bengoetxearen aburuz, ”legitimoa da estatu liberalaren alde jotzea, guri harrigarria egiten bazaigu ere gure izaeragatik, auzolana bezalako harribitxiak dituen gure antropologiagatik. Koherenteagoa da AEBetako hainbat jenderen ideologiarekin, indibidualtasunarekin, guztiok aberatsak izateko aukera berberak ditugula pentsatzen duten horiekin. Legitimoa da hori, ados, baina esan egia, kontxo! Ongizate estatua eraitsi behar bada, bota zaborretara hura ustez bermatzen duten konstituzioak eta egin beste batzuek; koherentzia pixka bat mesedez. Baina ez, Europa honetan bizi gara, historiatik lorpen batzuk dauzkagu eta orain horiek alfonbra azpitik irauli nahi dituzte, alfonbra gainean dena berdin-berdin, txukun-txukun utziz. Hor dago engainua”. Ongizate estatuarekin iruzurrak eta gehiegikeriak egon direnik ez du ukatu Bengoetxeak. ”Baina zuhaitzek ez diezagutela basoa estali. Benetako galderari erantzun behar diogu, zein da hautua? Ongizate estatua ala oihanaren legea?”.
Estigma
Baina egia da iruzurrezko diskurtsoaren atzean ezkutatzen den pentsamendu neoliberalak bere tresneria osoa jarri duela martxan bere mezuak indartu eta kontrakoak apaltzeko. Gurean, beharbada, tresna maltzurrena estigmatizazioa da. Becerrak hitz egin du horretaz: ”Konturatu gara laguntzak jasotzen dituen jendeak ez duela protesta egin nahi, ez duela agertu nahi. Kasu bakan batzuk soilik agertzen dira egoera izugarri larria den arren. Haientzat estigma da-eta euren egoera aitortzea. Lana galdu, etxea galdu... Arrakastaren goraipamen garaiotan, porrota zigortu egiten da”.
Ezjakintasuna ere beste tresna baliagarri bat da neurri batzuk ezartzerakoan. ”Ez dugu ekonomiari buruzko behar besteko ezagutzarik. Eskolan ere ez da erakusten horri buruzko ezer. Eta ezjakina erraz engainatzen da”, azpimarratu du Juradok.
Beldurra da beste tresna eraginkor bat eredu neoliberala ezartzeko, Naomi Kleinen The Shock Doctrine liburuak eta hartan oinarritutako dokumentalak erakusten duen moduan. Shock-arekin anestesiaturik eta beldurrez edukita, gizartea bestela onartezinak liratekeen murrizketak onartzera behartzen dute merkatu askatasunaren ideologoek, diktadurak, gerrak, etsaiak sortuz eta hondamenaren izua zabalduz.
Alde horretatik, eta Greziari begira, Juradok esaten duenez, ”kontu handia izan behar dugu, boteretik zabaltzen diren mezu xenofobo eta deabrutzaileekin; adibidez, atzerritarren kontra egindakoekin, laguntza guztiak hartzen dituztela eta halakoekin. Ez gara desberdinak; manipulatu egiten gaituzte”.
Euskal Herrian norantz?
Nekane Juradok dioenez, Euskal Herria herri txikia da. ”Hiru milioi lagun gara; oraindik ere jendeak elkarri begiratzen dio kalean, eta horrek babestu egiten zaitu iruzurren eta horrelako mezuen aurka. Gero, adibidez, gure hezkuntza sistemari esker, inoiz izandako gazte belaunaldi prestatuena dugu, Espainian ez bezala. Giza kapitala dugu eta kapital fisikoa, baita Know how delakoa ere, eta gure lurraldea ez da basamortua. Finantza kapitala ere badugu, oraindik joan ez dena, nahiz eta gero eta gehiago begiratzen dion kanpokoari”.
Bengoetxearen ustez, ”datuek esaten digute gizarte kohesionatuagoa dela Euskal Herrikoa. Gure tradizioa ere badugu: auzolana, elkartasuna, gizakia kapitalaren gainetik jartzen duen gizarte ekonomia. Euskal Herria aitzindaria izan da gizarte ekonomiaren ereduan, kooperatibekin, lan elkarteekin, elbarritasunen bat duten pertsonen elkarteekin, gizarteratze enpresekin. Horiek elkartasunaren isla dira, baina baita eragile ere. Pozgarria da, harro egoteko modukoa, baina ez dugu horrekin lokartu behar; hori sendotzea da bidea”.
Juan Carlos Becerrak ere ikusten ditu gure mesedetan datozen ezaugarriak, baina herrialde industrializatua izatea ez da horietako bat. ”Madrilen eta Katalunian ere badago industria, baina han pobrezia multzoak askoz ere handiagoak dira”. 80ko urteen amaieran lortutako eskubide eta laguntzak, egun oraindik irauten dutenak, ”ez ziren kasualitatez etorri”, azaldu du Becerrak, eta birmoldaketaren garai latzak gogoratu. ”1987an langabeen batzarrek sekulako borroka egin zuten, eta zer esanik ez enpresa handietako langileek. Euskaldunako bataila ez da dokumentaletarako soilik gelditu. Sare sozial indartsu bat zegoen eta sindikatuak oraindik ere indar handia dute hemen. Horrek guztiak zaildu egiten ditu murrizketak”. Azkenean, Becerraren ustez, ”horren gaizki ez bagaude jende batek bere garaian elkartu, borrokatu eta lortutakoari esker da”.
Garai berriak
Baina igaro ziren enpresa handien, greba handien eta negoziazio kolektibo zabalen garaiak. Sindikatuak, nahiz eta oraindik indar handia izan gurean, ez dira asmatzen ari azken urteetako aldaketei eta kolpeei aurre egiten. Langabeen ahotsa bere egiterik ere ez dute lortu. Jakina, etsai gogorra dute parean, haiek deslegitimatzen behin eta berriz saiatzen ari dena, prekarietatea tresna desmobilizatzaile gisa bikain erabiltzen dakiena. Itzalik gabeko eredu neoliberalaren aurkako erantzunak piztu dira mundu osoan; hemen gutxiago, beste kezka handiak ere badirelako Euskal Herrian. Baina horiek izango dira alper harri izugarria geldiarazteko modu bakarra? Agintariek eta boto-emaileek izango beharko lukete zer esan etorkizunerako hautuan. Eta sindikatuak eta beste gizarte mugimenduak egokitu egin beharko dira garai berrietara, XXI. mendeko borroka honetara, apurrekin baino zerbait gehiagorekin biziko bagara.